09:53

Herriak eta Hiriak

SANFERMINAK

Zazpigarren entzierroa, azkarra eta garbia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

La Palmosillako zezenek sanferminetako entzierrorik laburrena egin dute larunbat jendetsu batean. Ibilbide garbia egin dute animaliek.

0:56
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Sanferminetako zazpigarren entzierroa aurtengo azkarrena eta garbiena izan da. Korrikalariek zezenen aurrean lasterketa egiteko aukera izan dute, eta, lehen informazioen arabera, ez da inor adarkadaz zauritu. La Palmosilla ganadutegiko zezenak lehen aldiz atera dira entzierro batean.

Jaietako zazpigarren entzierroak 2 minutu eta 12 segundo iraun du, eta, aurreko egunetan ez bezala, zezenen artean lasterketa egiteko aukera izan dute korrikalariek. Larunbata izanda, jende ugarik hartu du parte entzierroan, eta irudi politak utzi dituzte.

Toma Belzunegui Nafaroako Ospitaleko larrialdietako zuzendariordeak nabarmendu duenez, medikuen ikuspuntutik “aurtengo entzierrorik lasaiena izan da gaurkoa”, eta, zezenaren adarkadaz ez dela zauriturik izan baieztatu du.

San Cernin elizako kanpai hotsekin batera, goizeko 08:00etan abiatu da lasterketa. Santo Domingoko aldapan, kabestruek ireki diote ibilbidea taldeari, baina bat-batean, zezen batek aurrera egin du. Une batzuetan lau zezen jarri dira lasterketa buruan, kabestruen aurretik.

La Palmosilla ganadutegiko zezenak lehen aldiz atera diren arren, Santo Domingoko aldapan ziurgabetasunak uxatzen hasi dira. Lehen metroetan, zezenek abiadura hartu dute, eta ohikoa izan ohi den ez bezala, buruan jarri dira, kabestruak gainditzera iritsiz.

Estafeta kalean, taldea luzatu egin da eta horrek zezenen aurrean lasterka egiteko aukera eskaini die korrikalariei. Zazpigarren entzierroak irudi politak utzi ditu, baina eroriko ugari izan dira tarte horretan, zezenek eraman duten abiadura dela eta.

Zezenak abiadura bizian igaro dira Telefonicako zatitik, eta denbora errekor batean iritsi dira zezen plazara, ibilbide osoan zehar atzera egin gabe.

Arratsaldean, Jose Garridok, Luis David Adamek eta Javier Marinek toreatuko dituzte zezenak.

Hiru korrikalari eraman dituzte ospitalera

Guztira, hiru korrikalari Nafarroako Ospitale Gunera eraman dituzte, traumatismoak dituztelako. Dena dela, La Palmosilla ganadutegiko zezenek ez dute inor adarkadaz zauritu.


Iruzkinak

  • Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena