Itxi

Sanferminak

Sanferminak 2016

Iruñean dena prest zapi gorria janzteko

agentziak | eitb.eus

Mundu guztiko milioika lagunek "Gora San Fermin!" oihukatuz eta zapi gorriz beteta ikusiko dute Iruñea.

1:07

Iruñeko kaleetan urduritasuna da nagusi sanferminak hasteko orduak falta direnean. Asteazken honetan, uztailaren 6an, mundu guztiko milioika lagunek zapi gorriz beteta ikusiko dute Udaletxeko plaza. Urtero legez, ?¡Viva San Fermin! Gora San Fermin!? oihukatuz, 2016ko sanferminak hasiko dira.

Aurten ?Gora San Fermin!? oihukatzeko ardura Jesús Ilundain Zaragüeta, "El Tuli"rena izango da, Iruñea guztian sanferminzale amorratua izateagatik ezaguna den 80 urteko gizona.

Uztailaren 14ra arte, 400 ekitaldi baino gehiago antolatu dira. Horretatik % 67 musika ikuskizunak izango dira, % 22 haurrentzat eta familientzat zuzendutako ekitaldiak, eta % 6 zezenketekin lotutako ikuskizunak. Denera, 1,95 milioi euro bideratuko dira sanferminetarako.

Duela 90 urte Ernest Hemingwayk idatzitako liburu famatuaren ondorioz, mundu guztian dira ezagunak sanferminak, eta horrek milaka bisitari erakartzen ditu urtero Iruñera. Jende masifikazio horrek ere erantzun beharreko hainbat arazo sortzen ditu, eta, hori dela eta, osasun zerbitzua bikoiztu egingo da eta 3.400 polizia egongo dira.

Bestalde, Iruñeko Udalaren arabera, urtero entzierroetan parte hartzen dutenen kopurua txikiagoa da, baina, hala ere, iaz 16.629 lagunek parte hartu zuten entzierroetan. Milaka lagun horien segurtasuna bermatzeko, labainkadak saihesteko likido berezi bat eman dute ibilbidearen hainbat puntutan.

Entzierroetako protagonistak diren zezenak, aldiz, Gaseko ukuiluan daude jada prest. Gauero Santo Domingoko ukuilura arte eramango dituzte, hurrengo egunean entzierroan atera daitezen.

Joseba Asiron alkateak, bestalde, duela egun batzuk argitaratu zuen sanferminetako arauak eta oharrak azaltzen dituen Udal bandoa, eta, besteak beste, eraso sexisten aurka jarrera aktiboa hartzeko eskatu die herritarrei.