Itxi

Danborrada 2017

Gipuzkoa

Banderaren jaitsierak amaiera borobila eman dio San Sebastian egunari

Eitb.eus

Gauerdian hotz handia egin badu ere, festaz gozatzeko asmoa zuten milaka pertsona bildu dira Konstituzio plazan.

3:39

Gauerdian muturreko tenperatura baxuak izan badira ere, milaka pertsona batu dira Donostiako Konstituzio plazan, San Sebastian egunari amaiera borobila emateko asmoz. Eguneko unerik hunkigarriena Eneko Goia Donostiako alkateak bandera jaitsi duenean iritsi da, emozioek berebiziko garrantzia hartu baitute. Dena dela, aurtengo danborradan zeharo murgildu dira donostiar guztiak.

Etenik gabeko 24 ordu hauetan Gipuzkoako hiriburuko kale nagusietan izan dira entzungai danbor hotsak. Egun guztian zehar, helduen danborrada ezberdinen saioak entzuteko aukera egon da Donostiako auzoetan.

Alderdi Ederren, berriz, 4.977 umek hartu dute parte haur danborradan. Guztira 49 konpainia izan dira desfile horretan, eta, urtero bezala, ?Gora Donostia? oihuarekin hasi da txikien festa. Oihane Bruña (Alunciata ikastetxekoa) hartu du danbor nagusiaren ardura.

Aurtengo berrikuntzei dagokienez, Hipikako Lantzariek zazpi poni, gurditxo bat eta lehen tokian desfilatu duen neska-mutil talde bat jarri dituzte.

Hiritar Merezimenduaren Dominak

12:30ean, 2017ko Hiritar Merezimenduaren Dominak banatu dituzte, Donostiako Udaletxeko Bilkura Aretoan. Aurreko urteetan San Sebastian egunaren bezperan banatu badituzte ere, aurten ez dute Urrezko Danborraren saririk banatu. Horren ordez, 2017ko Hiritar Merezimenduaren Dominak eman dituzte.

Aspanogi elkarteak, Uliako Gimnastikak, Kemen elkarteak, Jakintza Ikastolako bederatzi neskak eta Javier Hernaez Uranga Altzako parrokoak jaso dute golardoa. Udalak jakinarazi duenez, saritu guztiak pozik agertu dira sariarekin eta eskerrak eman dizkiete hiritarrei.

Ildo horretatik, sarituek ?pertsonen bizitza hobetzen? laguntzen dutela nabarmendu du Eneko Goia Donostiako alkateak.

Helduen danborrada

17.366 pertsonak parte hartu dute aurten San Sebastian eguneko helduen 140 danborradatan, iaz baino 1.000 gehiagok. Guztira, bost danborrada gehiago ibili dira kalez kale: horietako sei, berriak izan dira; eta beste batek parte hartzeari utzi dio.

Etenik gabeko 24 ordu

Ostegunean, gauerdian, hasi zen ofizialki festa, ohikoa den banderaren igoerarekin. Donostiako Konstituzio plazan Gaztelubide Elkarteko Danborradak eta gainontzeko danborraden ordezkariek Raimundo Sarriegiren ?San Sebastian Martxa? jo zuen. Halaber, Iriyarena, Retreta, Polka, Tatiago, Diana eta gainontzeko piezak jo zituzten.

2017ko danborrada. Argazkia: EFE