Itxi

Faktoria

Markos Zapiain

'Euskal Herriko Super Ni-a aldatu egin da. Femeninoa da orain'

Gazte belaunaldiaz, haien ametsez eta Euskal Herrian ajola omen duten gaiez aritu da filosofoa. Eguneko 24 orduetatik 18 etzanda ematearen defentsa ere egin du.

  • 29:50 min
imagen player
imagen player
imagen player

Bere etxean, etzanda. Halaxe eskaini omen du Markos Zapiainek elkarrizketa Maite Artolari 'Faktoria'n. Baina froga grafikorik ez dago. Eta ondoan duzun argazki hau bidali du laburpen hau ilustratzeko. Etxeko babesetik aritu da, galdetzailearen aurrean 'kikildu' egingo litzatekeelako bestela. Dena plantak ote diren galdetuta erantzun du ez dakiela ziurtasunez: 'Dudak dauzkat bateren batek ba ote dakien nor den benetan', aitortu du hasieratik.

Bermeoko institutuan eskola eta eskola artean duen atsedena baliatuta aritu da, berari buruz bezala, gazte belaunaldiaz. 'Tentsio psikiko handia' da irakasle izatea, ikasleek 'zure ezjakintasunaren aurrean jartzen zaituztelako'. Hala kontatu du, adibidez, gaur mingaina kolore berdez agertu zaion ikaslearen pasadizoa, eta EAJkoa dela aitortu dion beste batek esan diona. 'Ikasle batzuk erotuta daude', zehaztu du. 'Epe luzerako ametsak dituzten oso ikasle gutxi' ezagutzen ditu. Hala ere, berdintasuna denek omen dute oso balore inportantetzat.

24 eta 26 urteko bi alaba ditu Markosek, biak feminista erradikalak. 'Eta konbentzitzen naute'. Gai horretan aldaketa handiak ikusi ditu filosofo irundarrak: 'Euskal Herriko Super Ni-a aldatu egin da. Lehen Txillardegi, Arzalluz, ETA maskulinoa... ziren erreferentzia. Eta orain, berriz, Danele Sarriugarte, Eider Rodriguez, Onintza Enbeita...'. Lurraldetasunaz eta bizikidetzaz, aldiz, xextran erortzen jarraitzeko dugun joera betierekoan ikusten du Euskal Herria. Herri gisa aintzat har dezaten, 'misil edo bazoka bat asmatu beharko genuke. Edo arma teknologikoren bat', edo 'akaso', gehitu du, 'Putini babes militar handi bat eskaini Nafarroa maritimoan'.

Gai horiek benetan ajola dutenak ote diren ez daki, ordea. 'Bilakaerak ezusteko lekuetatik doaz'. Markos Zapiain bera ere, bai.