Itxi

Faktoria

Paulo Alberdi Sololuze

"Mesedez, segi dezatela gorpuak aurkitzeko ahaleginean"

Sololuze familak ez du ahaztuko, desagertuta dagoen 'Joaquinek bizitza galdu zuela hein batean osaba Albertori abisua emateagatik'

  • Paulo Alberdi Sololuze, Euskadi Irratiko Faktoria albistegian

    Paulo Alberdi Sololuze, Euskadi Irratiko Faktoria albistegian

    25:03 min
imagen player
imagen player
imagen player

Martxoak 27 ditu gaur. 50 egun betetzen dira, Zaldibarko zabortegian luizia gertatu zela. 50 egun, Alberto Sololuze eta Joanquin Beltran langileen berririk gabe. 50 egun, bi gorpuak hondakin azpian daudela.

50 egunak betetzen diren egunean, Paulo Alberdi Sololuzek, Alberto Sololuzeren ilobak, elkarrizketa eskaini dio 'Faktoria' albistegiari. Komunikabideen fokopean egotea ez dutela gustoko aitortuz eta neurri batean, Koronabirusaren krisiak aktualitateko lehen lerrotik kendu dituela gaineratuz, familiek duten helburu nagusia errepikatu du behin eta berriz Paulo Alberdik: bi gorpuak aurki ditzatela. 'Ezin dut pentsatu, 2020. urtean, Euskal Herrian, mundu aurreratuan, hau gertatu eta ez ditugunik langile horiek handik aterako'. Bilaketa taldeak lanean ari direla badakite eta 'horrekin konformatzen' direla esatearekin batera, eskaria egin du desagertutako langilearen ilobak: 'gorpuak topa arte, mesedez segi dezatela lanean', osaba agurtu nahi dute eta horretarako, gorpuak behar dituzte.

Amama Bittori

Familia txikia da Sololuzetarrena. 'Alberto osaba, izeko, Nahia alaba, amama eta gu' esan digu Paulo Alberdik. 92 urteko Bittori amama, alabaren etxean bizi da. Alberto Sololuzeren arrebaren etxean eta ez du Zaldibarren gertatukoaren berri. 'Oraindik ez diogu ezer esan, ez daki zer gertatu den osabarekin'. Hileta izaterakoan esatea espero zuten baina, hiletarako egunik gabe, ez dute kontakizunetan sartu nahi.

62 urte zituen desagertuta dagoen Alberto Sololuzek. Erretiroa hartzekotan zen, zabortegia utzi eta beste bizitza hasi, azken hilabeteetan ikusten ari zenarekin kezkatuta baitzegoen. Baskulan egiten zuen lan, zabortegira iristen ziren kamioiak zenbatzen eta administrazio lanetan eta etxean kontatua zuen, ohiko kamioi kopurua baino askoz ere gehiago iristen ari zela. Baskulan harrapatu zuen luiziak. Alberto Sololuzeren familiak ez du ahazten, 'desagertuta dagoen bigarren langileak, Joaquin Beltranek, bizia galdu zuela, osaba Alberto abisatzearren'.