Itxi

Faktoria

Maddalen Iriarte, EH Bildu

'Ez dugu lehendakariarekin hitz egiteko aukerarik'

EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak salatu du ez dutela harremanik Iñigo Urkullu lehendakariarekin.

  • Maddalen Iriarte, EHBildu

    Maddalen Iriarte, EHBildu

    25:34 min
imagen player
imagen player
imagen player

Europako funtsak, 2021ko aurrekontuak, adinekoen egoitzetarako politikak, PCR testak zabaltzeko ekimenak, ... Euskal Autonomia Erkidegoarentzat estrategikoak diren atalak dira Euskal Herria Bilduren arabera eta guztietan Eusko Jaurlaritzarekin eztabaidatu eta adosteko prest daude. Baina elkar ulertzerako oinarria falta da Maddalen Iriarteren hitzetan. 'Faktoria'n esan duenez, 'garrantzitsua izaten da hitz egitea eta guk ez duguna da, lehendakariarekin hitz egiteko aukerarik'. Eusko Jaurlaritzak 'adesio hutsa' nahi duela salatu du koalizio abertzalearen bozeramaileak, eta ohartarazi du ideiak partekatzeko 'gobernuak jakin beharko luke, bere proposamen batzuk ere bazter utzi beharko' dituela.

Nafarroako gobernuarekin eta Espainiako gobernuarekin beste jarrera izatea leporatzen dienei erantzun die Iriartek: 'Espainiako gobernuak eta Nafarrokoak ere gurekiko bestelako jarrera dute. Hitz egiten dugu Nafarroako gobernuarekin eta Espainiakoarekin ere bai, eta hitz eginez, akordioak irits litezke'. Harreman horren adibidea jarri du: Chiviteren gobernuak onartu egin ditu EH Bilduk autonomoen inguruan jarritako neurri bereziak.

Erresidentziak eta Europako funtsak

Maddalen Iriartek akordioa eskatu ditu Europatik etortzekoak diren diru-laguntzetan. 'Hil ala bizikoak izango dira ez orain bakarrik, hurrengo belaunaldientzat ere, eta nola banatu hausnartu behar da'. Euskadik dituen erronkak zein diren identifikatu behar dela dio, horiei lotutako sektoreetan inbertitu dadin. Modu horretan egiten ez bada, Iriartek dio, 'partxe hutsa' izango direla.

Adinekoen egoitzetako egoerak bereziki kezkatzen du EH Bildu: 'Beste olatu baten aurrean egon gintezke eta balizko olatu horiei aurre egiteko, gauzek prest egon behar dute'. Langileen soldatak eta, batez ere, adinekoak artatzeko eskaintzen den denbora luzateza eskatu du. 'Orain hartu behar dira neurriak' esan du Maddalen Iriartek, 'orain hartzen ez badira, berandu izango da'.

Madrilgo 'Anabasa'

Madrilgo erkidegoen dagoen ziurgabetasun egoerari aipamena egin dio Iriartek, eta Espainiako gobernua kaltetzeko eskuinaren estrategian sartu du. EH Bilduren ordezkariak 'Estatu Sakona'ren eskua ikusi du gertatzen ari denaren atzean: 'ezin da ulertu han dagoen anabasa, ziurgabetasuna, ardurabetasuna. PP Estatu Sakona erabiltzen ari da, Pedro Sanchezen gobernuari erronka botatzeko'.