Itxi

Faktoria

Bidasoa: Migrazio-pasabidea

"Bidasoan migratzaileak geraraziz, polizia Schengengo arauak urratzen ari da"

EITB MEDIA

Migrazioa desagertuko ez den egiturazko auzia dela dio Irungo Harrera Sareko Anaitze Agirrek. Etorkinak etsita daudela dio, psikologikoki kolpatuta eta "erabaki gogorrak" hartzera derrigortuta.

  • Muga

    Irun-hendaia muga

    8:09 min
imagen player
imagen player
imagen player

Urtea hasi zenetik Irundik Hendaiara egin nahi zuten 1.117 migratzaile artatu ditu Irungo Harrera Sareak, eta 27 ostegunetik ostiralerako gauean. Anaitze Agirre Harrera Sareko kideak "Faktoria"n azaldu duenez, etorkinak "beldurtuta" daude, "deseginda, psikologikoki kolpatuta eta etsituta". Haien egoera "etsigarria" dela esan du: "ez dute ulertzen, etxetik gurera egin duten bidea egin eta gero, eta Frantziar estatua horren gertu ikusita, zergatik ezin duten muga gurutzatu". Eta salatu du harrera-poilitika txarren ondorioz, "erabaki gogorrak hartzera derrigortzen ari direla".

Agirrek nabarmendu du migrazioa ez dela "arazo", "egiturazkoa den eta desagertuko ez den fenomeno globala baizik", eta hala kudeatu beharko litzatekeela. Espainia eta Frantziako poliziek migratzaileak geraraztea arrazista eta legearen aurkakoa dela salatu du: "Schengen eremuan joan-etorri askea dago denentzat, paperik izan ala ez, eta polizia arauak urratzen ari da egunero".

Bihar, larunbata, arratsaldeko 17:00etan Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian bat egingo duten manifestazioetan parte hartzeko deia egin du Euskadi Irratiko Faktorian. "Mugan gertatzen ari dela salatu nahi dugu, eta politikariei esan nahi diegu harrera hobetu daitekela, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela. Erabakiak lehenbailehen hartzen ez badira, hildako gehiago egongo dira", esan du.

28 urteko gazte migrante bat hil zen, joan den larunbatean Irunen, Bidasoa zeharkatzeko ahaleginean itota. Espainiara Kanariar Uharteetatik sartu zen, ondoren Granadatik eta Madriletik igaroz, Irunera iritsi arte.

Egun berean, Bidasoaz bestaldean, Hendaian adin txikiko pertsona bat erreskatatu zuten. Hark ibaia zeharkatzea lortu zuen, baina egoera larrian atera zuten uretatik. 16 urteko Burkina Fasoko gazte bat zen.