Itxi

Faktoria

ELA

Mitxel Lakuntza: "Jaurlaritzak propagandarako baliatzen du mahai soziala eta UGT eta CCOOk burua erakusteko"

Jone Larrañaga | EITb Media

Elkarrizketa sozialerako mahaian patronalak onartzen dituen gaiak baino ez direla eztabaidatzen azpimarratu du ELAko idazkari nagusiak.

  • Mitxel Lakuntza

    Mitxel Lakuntza

    24:55 min
imagen player
imagen player
imagen player

"Akordio horretan beti hitz egiten da patronalak nahi dituen gauzetaz. Horrekin gobernuak egiten du ahal duen propaganda eta ordezkaritzaren % 30 duten UGT eta CCOO sindikatuek baliatzen dute aukera ikusgarritasun mediatikoa lortzeko". Laburpen horrekin sintetizatu du "Faktoria" albistegian Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak elkarrizketa sozialerako mahaiaren kontrako jarrera. "Horrelako mahaiek", jarraitu du, "gabezi asko dituzte edukietan eta printzipio demokratikoetan".

Lakuntzaren arabera, prekarietateaz eta lan istripuez hitz egin beharko litzateke horrelako foroetan; baina ez da hala gertatzen. ELAko ordezkariak bi gai horietan sakontzea ditu epe motzeko erronka nagusi. Horrezaz gain, bereziki kezkatuta agertu da pentsioen etorkizunaz eta lan erreforma bultzatzeko mugimendu politiko eraginkorren faltaz. Egoera horren kontra mobilizatzeko greba orokorra egingo dela ziur agertu da baina ez du datarik aurreratu nahi izan. "Greba batek izan behar du, batez ere, eraginkorra eta horretarako asmoak eta epeak ezagutu behar ditugu. Badakigu gobernuak ez duela gehiengorik, EH Bilduren eta EAJren bozkak behar dituela eta alderdi horiei eskatu nahi diegu konpromisoa argia", adierazi du.

110 urte dituen ELA sindikatuaren bidetik, koherenteena da independentziaren aldeko jarrera

ELAk datorren urrian egingo du Kongresua. Eta bertan, lehen aldiz, independentziaren aldeko adierazpen argia egingo du sindikatuak. "Lau urte hauetan berretsi egin da hartutako bidea.  Kataluiniaren gaiarekin, pandemiarekin, euskararekin gertatzen ari denarekin... argi geratzen ari da zein gabezi dugun herri honetan. Arrazoi demokratiko eta politikoengatik, hautu koherenteena hori da", azpimarratu du. Zehaztu du ez dutela independentziara alde bakarreko bidetik egiteko bokaziorik baina, aurrean dagoen interlokuzioaren jarrera ikusita, beste aukerarik ez dagoela: "Independentzairen aldeko gehiengo horiek sortzeko, aldebakarraren bidetik abiatu behar dugu, jakinda ere zailtasunak ditugula eta independentistak ez garela gehiengoa".