Itxi

Faktoria

Melillako muga

Prieto Mendaza: "Melillan sarraski ikaragarria egin dute eta hildakoen kopurua handitzera doa"

Mikel Rotaetxe | EITb Media

Melillan ia 30 hildako eragin dituen polizia-indarkeria "ohikoa" dela ohartarazi du "Faktoria"n Jesus Prieto Mendaza antropologoak, eta Marokoko polizia bezain erruduntzat jo du Europakoa: "Azpikontratatu egiten ditugu eta ezin dugu gure jarrera zuritu".

  • Migratzaileak Melillako hesian

    Migratzaileak Melillako hesian

    13:12 min
imagen player
imagen player
imagen player

Oraingoz 23 dira ofizialki Ndorren Maroko eta Espainiaren arteko hesia gainditzeko ahaleginean hil dituzten migratzaileak eta Giza Eskubideen aldeko Marokoko plataformek salatu dute Rabateko gobernuak ez duela gertatutakoa ikertzeko asmorik. "Sarraskia hasieran uste baino larriagoa da", azaldu du Euskadi Irratiko "Faktoria"n Jesus Prieto Mendaza antropologo eta nazioarteko eta kultur arteko ikerketan doktoreak, "sarraski ikaragarria egin dute Melillan eta hildakoen kopurua handitzera doa, erietxeetan jende asko dagoelako oso larri".

Melillako mugan poliziaren indarkeria gogortu egin ote duten galdetuta, Prieto Mendazak dio "beti" izan dela gogorra, "bai Ceutan, bai Melillan". Edonola ere, nabarmendu du giza eskubideen urratzea ezin zaiela bakarrik Marokoko mugazainei egotzi: "Ezin dugu ahaztu Espainiak eta Europako Batasunak Marokoko polizia azpikontratatu egiten duela eta ezin dugu gure jarrera zuritu".

Gauzak horrela, Europako Batasunaren migrazio-politika "okerra" izan dela iritzi dio, Maroko eta Turkiarekin migrazio-akordioak egitearekin tematzen delako, "jatorriari heldu gabe: "Europak ez du onartzen dagoen erantzun bakarra jatorrizko herrialdeetan garapen ekonomikoa eta ongizatea sustatzea dela, eta hortik kanpoko guztia zuritzea da".