Itxi

Faktoria

Euskaraldia

Kike Amonarriz: "Benetan hau izango da Euskaraldia zer den neurtuko duen ekitaldia"

Izaro Insausti | EiTb Media

Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek adierazi duenez, "masiboa" izango da aurtengo Euskaraldia ere, eta "gauza asko erakutsiko dizkigu etorkizunera begira". Ostiralean hasi eta abenduaren 2ra bitartean izango da hirugarren edizioa, "Hitzez ekiteko garaia" lelopean.

  • Kike Amonarriz

    Kike Amonarriz

    17:11 min
imagen player
imagen player
imagen player

"Hitzez ekiteko garaia". Lelo hori ardatz hartuta hasiko da ostiralean, azaroaren 18an, Euskaraldiaren 3. edizioa. Abenduaren 2ra, bitartean belarriprest eta ahobizi dioten txapez jantziko dira Euskal Herriko kaleak, eta "lapikoak bor-bor" ikusten dituztela esan du Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek "Faktoria"n egindako elkarrizketan.

Hirugarren ekitaldia pandemiaren osteko lehena izateak aurtengoari intentsitate berezia ematen diola azpimarratu du Amonarrizek: "Hau izango da Euskaraldia zer den, zer izango den, azalduko digun edizioa". Nabarmendu du jendeak Euskaraldia zer den ezagutzen duela; ez dela euskararen aldeko kanpaina bat, baizik eta "euskararen aldeko urrats praktikoak eskatzen dituen ariketa bat". Topagunearen lehendakariaren hitzetan, horrek indar berezia emango dio Euskaraldiari: "Ariketaren sakontasunean irabaziko dugu, masiboa izango da hau ere, eta gauza asko erakutsiko dizkigu etorkizunera begira".