Itxi

Goiz kronika asteburua

TUBACEX-eko LAN GATAZKA

Ander Añibarro, Laudioko alkatea: "Berebiziko kezka eragiten digu langileen arteko talkak izateak"

ENERITZ GORROTXATEGI | EITB MEDIA

Tubacexen lan gatazkak gaur 234. greba eguna izango du. Sindikatuek Jaurlaritzarekin adostutako aurre-akordioa bozkatu behar zuten afiliatuek, atzo: ELA eta CCOO alde agertu dira 7 ordezkarirekin, STAT, LAB eta ATAl, ordea, aurka 6rekin. CCOO sindikatuak langile guztiek bozkatzea proposatuko du.

  • Ander Añibarro, Laudioko alkatea

    Ander Añibarro, Laudioko alkatea

    7:07 min
imagen player
imagen player
imagen player

Astelehenera arte itxaron beharko da Tubacexeko lan gatazkak nola jarraitzen duen ikusteko. Sindikatuetako afiliatuek zuten, atzo, lan batzordeak Jaurlaritzarekin adostutako aurre-akordioa babesten zuten edo ez esateko ardura. ELA eta CCOOeko afiliatuek baiezkoa eman zuten. STAT sindikatuko ordezkariek babestutako akordioari, ordea, ezezkoa eman diote afiliatuek, LABekoek eta ATALekoek bezala. CCOO sindikatuak, gainera, asteleheneko bilerara enpresako langile guztien iritzia jasotzeko eta sindikatu nagusienen gehiengoa izateko, enpresako langile guztien bozketa eskatuko du.

Egoera honetan Ander Añibarro Laudioko alkatea izan dugu Euskadi Irratiko Goiz Kronikan. Erabakia atzeratu izanak ez du sorpresaz harrapatu, baina dioenez "bagenekien LABek aurka bozkatuko zuela, beraz, bagenekien atzeratu zitekeela". Astelehenera arte itxaron eta langile guztiek bozkatzean, aurrera aterako ote den galdetuta, "badirudi baietz, baina oraindik prebentzioz hartu" behar dela adierazi du. 

Egindako kalkulu eta ikusitako emaitzekin aurre-akordioa sinatu eta aurrera aterako dela uste du, "ezinezkoa da jakitea baina badirudi gerta litekeela, beraz 8 hilabete pasata gatazkari amaiera ematea". Langileen arteko zatiketa bistan geratu dela eta, Laudioko alkateak "argi eta garbi kezkatzen duela" adierazi du. "Garbi zegoen guztien arteko adostasua ez zela helduko, baina beraien arteko talkak izateak asko kezkatzen gaitu" gaineratu du.

Azken 8 hilabete hauetan, herriko enpresa nagusia kinkan eta egoera ezegonkorrean izatea "kezkaz" bizi duela azaldu du Laudioko alkateak Euskadi Irratiko uhinetan, "bizilagunak, lagunak eta herritar ugari dago greban, euren etorkizunaren berri jakin gabe eta hainbat egoera zail" bizi beharrean.