Itxi

Zubiak

Saria

Euskadi Irratiko "Zubiak" irratsaioak jaso du aurtengo Irratiaren Argia Saria

EITB Media

Euskadi Irratia, France Bleu eta Euskalerria Irratiaren elkarlanaren emaitza izan da proiektua, eta Alaia Martinek, Pantxix Bidartek eta Lohizune Amatriak jaso dute saria.

  • "Zubiak" irratsaioko lantaldea.

    "Zubiak" irratsaioko lantaldea. Argazkia: EITB Media

Euskadi Irratiko "Zubiak" saioak jaso du 2021eko Irratiaren Argia Saria, Argiak berak asteazken honetan jakitera eman duenez. Euskadi Irratia, France Bleu eta Euskalerria Irratiaren elkarlanaren emaitza izan da proiektua, Euskadi-Akitania-Nafarroa Euroeskualdearen babesarekin. 2016 eta 2020 bitartean egon da saioa emisioan Euskadi Irratian, eta Alaia Martin izan da lau urte hauetan saioaren gidaria, Artzen Letona eta Pantxix Bidartekin eta Saioa Alkaiza eta Lohizune Amatriarekin batera.

Hain zuzen ere, Alaia Martinek, Pantxix Bidartek eta Lohizune Amatriak jaso dute Argia Saria.

"Astero zubiak eraikitzen aritu dira, aurkezleen hitzetan 'herri bat garela erakusteko'. Euskal Herria alderik alde zeharkatu dute. 360 irratsaio eta bakoitzean gutxienez lau bat gonbidatu. Herriak, jendeak, berriak eta egitasmoak ezagutzeko aukera eman dute", Argiaren hitzetan. "Saio bakoitza goxo harilkatu dute, astero saioari hitz bat atxiki diote eta jolas egin dute hitzarekin, poesia", gaineratu dute.

Mugaz gaindiko proiektua

Euskadi Irratiak eta France Bleuk jarri zuten martxan irratsaioa, 2016an, mugaz gaindiko proiektu gisa, Akitania-Euskadi euroeskualdearen babesari esker, eta 2017an, Euskalerria irratia batu zen proiektura.

Mugen gainetik, zubiak eraikitzea izan da saioaren helburua. Hala, gai jakin bat ardatz hartuta, Euskal Herri osoko pertsonak, istorioak eta lekuak ezagutzeko aukera eskaini dute.

Guztira, lau irrati urte bete dituen proiektua da, 2016 eta 2020 bitartean egon baita emisioan. Alaia Martin izan da lau urte hauetan saioaren gidari. Bere alboan izan ditu, Artzen Letona aurrena eta Pantxix Bidart gero, France Bleuko lankidea; eta Saioa Alkaiza eta Lohizune Amatria, Euskalerria irratikoak. Joxe Alkain arduratu da saio guztien postprodukzioaz.

Orain EITB Nahieran atarian dago saioa entzungai.

Sariak, webgunearen bitartez

Aurten otsailaren lehen astean ari dira banatzen Argia Sariak. Covid-19a dela eta, ezingo dute sari banaketa ekitaldirik egin, eta, ondorioz, Argiaren webgunean bertan ari dira ematen sarien berri. Ikus-entzunezko Argia Saria astelehenean iragarri zuten, eta EITBko "Hondar Ahoak" telesailak jaso du.