Itxi

kultura

Donostia 2016

100 proposamen baino gehiago, Olatu Talka 2011 jaialdian

Erredakzioa

Maiatzaren 27tik 29ra egingo dute jaialdiaren bigarren edizioa. Hiriko kaleek eta plazek era askotako adierazpen kultural eta sozialak hartuko dituzte, eta hondartzek leku berezia izango dute.

Donostiako Olatu Talka 2011 jaialdia ekimenez gainezka dator. Maiatzaren 27tik 29ra bitartean egingo dute jaialdi honen bigarren edizioa, eta ehun proposamen baino gehiago jaso dituzte dagoeneko. Aurten, hiriko hondartzek ''''leku berezia'''' izango dute programazioan.

Donostiarrekin batera, inguruko, Gipuzkoa osoko eta Iparraldeko herritarrek parte hartzea eskatu dute antolatzaileek. 2016an Donostia Europako kultura hiriburua izateko hautagaitzari babesa emateko deialdia zabaldu dute aurten ere antolatzaileek, ''''guztien energiak bultzatuta''''.

Jaime Caballero igerilariak, adibidez, Donibane Lohizune eta Donostia arteko bidea egingo du, igerian, hautagaitzari babesa eman eta alboko esklerosi amiotrofikoaren aurka lan egiten duten elkarteei laguntzeko.

Gehitu Euskal Herriko gay eta lesbianen elkarteak The sound of music pelikula ezagunaren emanaldia antolatu du, karaokea gehituta. Filmeko pertsonaien antzera jantzita agertu beharko dira ikusleak Julie Andrews eta haurrak famatu egin zituen filmeko doinuak abestera.

Musika zelta eta euskal musika uztartzen dituen kontzertua, rock, pop, blues eta funky doinuak jorratuko dituzten abesbatzen emanaldiak, eta birziklatutako materialarekin sortutako jantzi desfilea dira gaur jakitera eman dituzten beste jardueretako batzuk.