Prentsa aretoa
GUAUn entzungai
EITB Audiok "Hitzerraz" bideopodcast berria estreinatuko du, euskara ikasten eta hobetzen ari direnentzat
EITB Media
A2-B1 mailetara egokitutako 50 atal laburrek osatzen dute proposamen berria, eta astero argitaratuko dira EITBko GUAU plataforman. Izaro Arruti eta Dylan Inglis dira eguneroko gaiei buruzko elkarrizketa natural eta entretenigarri hauen protagonistak.
-
Maite Goñi, Ibone Bengoetxea eta Jokin Azkue
Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, EITB Audiok "Hitzerraz" bideopodcast berria estreinatuko du GUAU plataforman gaur (azaroak 25). Euskara ikasten ari direnentzat edo hizkuntza hobetu nahi dutenentzat sortutako proposamena da, eguneroko bizitzako gaiei buruzko elkarrizketa hurbil, argi eta entretenigarrien bidez euskaraz entzuten eta ulertzen laguntzeko. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Maite Goñi EITBren Irrati eta Audio zuzendariak aurkeztu dute "Hitzerraz". Prentsaurrekoan, gainera, Jokin Azkue HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko zuzendaria ere izan da.
Maite Goñi
"Hitzerraz" bideopodcastak 50 atal izango ditu, 6-8 minutukoak, eta astero atal berri bat argitaratuko da GUAU plataforman. Edukiak bideoz ikusi nahiz audioz entzun ahal izango dira, erabiltzaile bakoitzak nahi duen unean eta moduan gozatzeko.
Bideopodcasta A2-B1 mailetara egokituta dago, eta helburu nagusia euskararen ahozko ulermena indartzea da, hizkuntzarekin ohitura eta konfiantza handiagoa hartzen lagunduz. Horretarako, atal bakoitzean eguneroko bizitzarekin lotutako gai bat jorratzen da, elkarrizketa natural baten bidez. Hiztegia, hizkuntza-egiturak eta esamolde erabilgarriak modu errazean eta testuinguru jakin batean lantzen dira.
Izaro Arruti eta Dylan Inglis, elkarrizketaren protagonistak
Izaro Arruti hizkuntzalaria eta Dylan Inglis euskaldun berria dira "Hitzerraz" bideopodcastaren aurkezleak. Dylan eskoziarra da, eta euskara ikasteko prozesua bertatik bertara ezagutzen du; Izarok, berriz, hizkuntzaren ezagutza sakona eta ikaskuntza errazteko gakoen inguruko jakintza eskaintzen ditu. Bien arteko elkarrizketek osatzen dute saioaren ardatza. Gertutasuna, naturaltasuna eta umorea baliatuz, eguneroko egoera eta bizipenak partekatzen dituzte, ikus-entzuleek euskararekin harreman errazagoa eta atseginagoa izan dezaten.
Ibone Bengoetxea
"Hitzerraz" ez da euskara eskola bat, euskaraz gozatzeko eta hizkuntza praktikatzeko beste modu bat baizik. Elkarrizketak entzunez, hizkuntzaren erritmoarekin, ohiko esamoldeekin eta eguneroko erabilerarekin ohitzeko aukera eskaintzen du.
Euskara ikasteko eta erabiltzeko aukera berriak
"Hitzerraz" EITB Audiok euskarazko eduki digitalen eskaintza zabaltzeko eta askotariko publikoengana iristeko egiten duen apustuaren barruan kokatzen da.
Formatu berri honekin, euskara ikasten ari diren pertsonentzat bereziki pentsatutako edukiak eskaintzen ditu GUAUk, entretenimendua eta ikaskuntza modu naturalean uztartuz. Proiektuak HABEren lankidetza izan du, helduen euskalduntzeaz arduratzen den Eusko Jaurlaritzako erakundearena, euskara ikasten ari direnen beharretara egokitutako proposamena eskaintzeko helburuarekin. Hala, "Hitzerraz" ohiko ikaskuntza-baliabideen osagarri izan nahi du, euskarazko eduki erakargarriak ikusi eta entzuteko aukera berriak eskainiz eta euskara eguneroko bizitzan txertatzen lagunduz.
Aitzol Barandiaranek idatzi ditu "Hitzerraz" bideopodcastaren gidoiak, eta ON TIME ekoiztetxeak ekoitzi du EITB Audiorentzat.
FITXA TEKNIKOA
Izenburua: Hitzerraz
Formatua: Bideopodcasta (bideoa eta audioa)
Atal kopurua: 50
Iraupena: 6-8 minutu atal bakoitzeko
Argitalpena: Astero
Estreinaldia: 2026ko azaroaren 25a
Hizkuntza: Euskara
Maila: A2-B1
Aurkezleak: Izaro Arruti eta Dylan Inglis
Gidoiak: Aitzol Barandiaran
Ekoizpena: ON TIME, EITB Audiorentzat
Plataforma(k): Guau eta Guauren beste kanalak (YouTube, Spotify, Apple Podcasts, iVoox)


