Itxi

EITB TALDEA

Bilboko Aste Nagusia

Bilboko Aste Nagusiari jarraipen berezia, EITBn

EITB Media

Emanaldi berezien artean, Marijaiari harrera, pregoia eta txupinazoa, gaueroko suak eta "Lau Teilatu: Olaia Inziarte" kontzertu berezia izango ditugu. Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak ere jaien egitaraua gertutik jarraituko dute.

  • Marijaiaren irudi bat, EITB Mediaren bideo batetik lortua

    Marijaiaren irudi bat, EITB Mediaren bideo batetik lortua

Bilboko Aste Nagusiaren jarraipen berezia egingo dute EITBko hedabideek abuztuaren 19tik 27ra. Jaietako ekitaldi nagusiak zuzenean jarraitu ahal izango dira telebista, irrati eta Internet bidez. Halaber, Bizkaiko hiriburuko festa giroaren berri ere emango dute albistegi eta saio ezberdinetan.

Hasteko, larunbatean, abuztuak 19, Marijaiari harrera zuzenean izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en, 17:45etik aurrera. Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslaria izango da 2023ko pregoilaria eta Izaskun Pinedo aurtengo txupinera; elkarrekin, Arriagako balkoira aterako dira, eta Marijaiarekin batera jaiari hasiera emango diote. Kontakizuna Klaudio Landak eta Yolanda Alzolak egingo dute; eta Egoitz Txurruka eta Nerea Arostegui erreportariek Arriaga Antzokiaren barrualdean eta kanpoaldean bildutako lagunak elkarrizketatuko dituzte. Arriagan izango dira, besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, pregoilari eta txupinerarekin batera. Horrez gain, Pedro Santa Cruz jaien hasieran Marijaia balkoitik dantzan jartzen duen lagunarekin, Toño Valdivieso Marijaiaren sastrearekin eta Aste Nagusiarekin harreman zuzena duten beste protagonista batzuekin izango dira: Bilboko Konpartsen ordezkariekin zein Los chicos del coro antzezlaneko aktore protagonistekin. 

Igandean, abuztuak 22, "Lau Teilatu" saioren aurtengo azken atala emango dute ETB1ek eta eitb.eus-ek 21:15ean. Honako honetan, Olaia Inziarte abeslariaren kontzertu berezia izango da ikusgai, Bilbotik, Deustuko Unibertsitateko teilatuan grabatua.

0:20

Bestalde, igandean hasi eta aste osoan zehar, Bilboko suak zuzenean emitituko dira Ilaski Serranok eta Agustin Ezenarrok gidatutako saio bereziaren barruan. Abandoibarran kokatutako set-ean, Zubizuri parean, gonbidatu ugari hartuko dituzte gauero. 

Ilaski Serrano eta Agustin Ezenarro

Ilaski Serrano eta Agustin Ezenarro

Azkenik, Gaztea Gauaren eskutik, ZETAK taldearen kontzertuarekin gozatu ahal izango dugu Europa parkean abuztuaren 24an.