telebista
5. atala
Olgak abentura utzi du eta Piches taldekoek lasaitua hartu dute
Piches taldeko kideek lasaitua hartu dute, Manuk kapitainen jokoa irabazi baitu. Guanacos taldekoek, ordea, immunitate proba eta Olga, biak galdu dituzte. Azken honek, lesionatuta, saioa utzi du.


Odola, izerdia, malkoak... Hori eta zerbait gehiago behar izan ditu Manu Maritxalarrek "El Conquistador del Fin del Mundo" saioko 5. atalean, Piches taldeko kapitain bezala lehen garaipena lortzeko.
Piches taldearen kapitain erraldoiak bazekien arriskuan zegoela, eta, horregatik, Kortaren azpijokoak eta aukeratutako zaldiak ez dute geldiarazi kapitainen hirugarren jokoaren garaipenerako bide bihurrian.
Piches taldeko kideek lasaitu ederra hartu dute Michelen infernuaren ostean, eta, lehenengoz, aste lasaia izango dute aurretik; are gehiago, Condor eta Guanaco taldeek kide bat edo, berdeen kasuan, bi gal ditzaketela jakiten dutenean. Izan ere, grisen baja kopurura hurreratu litezke.
Zalantzarik gabe, hirugarren immunitate proban izandako zoritxarreko erorikoaren ondorioz Olgak abentura uztea oxigeno-baloia izan da Manuren taldearentzat, Condorren eta Guanacoen arteko dueluaren galtzailea edozein dela ere. Oraindik ez dago argi Kortak bere ezteien urtemuga etxean emaztearekin ospatuko duen ala gogoeta egin eta abenturan jarraituko duen Guanacos taldeko kideren bati garaile izaten laguntzeko. Izan ere, Korta oso haserre dago.
Bitartean, Blancak eta Pumas taldeak beste aste lasai bat izango dute aurretik Xanadu patagonikoan. Bere taldeari garaipena emateaz gain, azken garaipena lortzeko kontuan izan beharreko aurkaria dela erakutsi die Karenek gainerako lehiakideei.