telebista
Audientzia oharra
'Teleberri'k lidergoa sendotu du otsailean
A.E.
EITB
ETBk urtearekin batera hasitako goranzko joerari eutsi dio eta % 13,6ko audientziarekin itxiko du aurtengo bigarren hilabetea.
Urtarrilean hasitako goranzko bideari eutsi dio otsailean ETBk. Telebista kate taldeak % 13,6ko audientzia eskuratu du. Kateka, ETB-2 bigarren katerik ikusiena da Euskadin, % 10,5ko audientzia izan du; ETB-1ek % 1,9ekoa, ETB-3k % 0,8koa eta ETBK Satek % 0,4koa.
Bi hilabetetan, ETBk 0,6 hamarren irabazi ditu 2012ko emaitzekin alderatuta. 2012. urtea % 13,3ko kopuruarekin itxi zuen eta urtarrila eta otsailean % 13,9ko emaitza lortu du. Urtean audientzia irabazi duen talde autonomiko bakarra da ETB.
'Teleberri' albistegiak lidergoari sendo eusten dio urteko bigarren hilabetean: % 17,9ko audientzia zatia eskuratu du eta 140.000 ikus-entzule ditu bataz beste. Eguerdiko edizioak lortu du audientzia zatirik handiena, % 18,6, eta gauekoa albistegirik ikusiena da: 280.000 ikus-entzuleko audientzia metatua du EAEn eta eragin esparruan.
ETB-2ko 'Eguraldia', berriz, eguraldiari buruzko informazio tarterik ikusiena da Euskadin. Edizio guztietan, eguerdian, gauean eta asteburuan, jarraitzaile gehien dituen eguraldi tartea da. Audientzia zatirik handiena duena bazkalostekoa da, % 15,2eko audientzia du Ana Urrutiak gidatzen duen tarteak. Gauean, aste barruan, % 10ko sharea du eta asteburuan, Sara Gandararekin, % 11,8koa.
Badira beste hainbat saio ETBn gailentzeko modukoak: 'El Conquistador del Fin del Mundo' arrakastatsua esate baterako, eta horren ildotik 'El Conquis 2013'. Patagoniako realityak, urtarrilean eta otsailean, % 20,6ko audientzia eskuratu du bataz beste; 193.000 ikus-entzule ditu eta 393.000ko audientzia metatua. Asteazkenetako eztabaidak, berriz, % 11,7eko audientzia eta 334.000 laguneko audientzia metatua du.
'La Noche de...' astearteko saioak % 13ko audientzia zatia eskuratu du. Gainera, 277.000 dira Felix Linaresekin uneren batean asteartero bat egiten dutenak.
'Robin Food' sukaldaritza saioak % 11,1eko marka lortu du eta 126.000 laguneko audientzia metatua. Klaudio Landaren eguneroko magazina zutabe garrantzitsua da ETB-2rentzat arratsaldetan. 'Ni Más Ni Menos'ek % 14,3ko audientzia du eta 309.000 ikus-entzuleko audientzia metatua. 'Western'aren tarteak bere ikusleei eusten dien (% 11,4) eta hiru urte bete berri dituen 'Euskadi Directo' albistegiak emaitzarik onenak izan ditu otsailean: % 13,7ko audientzia zatia eta 203.000ko audientzia metatua.
ETB-1en, berriz, 'Goenkale' telesail beteranoak sasoi onenean jarraitzen du: euskaldunen artean % 11,3k ikusten dute eta 75.000 jarraitzaile ditu. 'Bisitaria' saioak urteko hastapen hauetan 68.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu du eta 'Kontuz, Atsuak!'ek 105.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan du.
Aipatzekoa da otsailean Egunkaria-ren itxieraren 10. urteurrena gogoratzeko eginda emandako 'Egunkaria, hamar urte geroago' dokumentala: % 10,9ko sharea izan zuen eta 89.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.