Itxi

telebista

Maiatzaren 9tik aurrera

Europako hauteskundeei jarraipena EiTBn

A.A.

EiTB

Doako hauteskunde-tarteak, kanpainaren jarraipena, elkarrizketak, eztabaidak eta hauteskunde-gaueko saio bereziak emango dira.

Euskal Irrati Telebistako hedabideek jarraipen zabala egingo diete maiatzaren 25ean izango diren Europako hauteskundeei. Hartara, doako hauteskunde-tarteez gain, kanpainaren jarraipena, elkarrizketak, eztabaidak eta hauteskunde gaueko saio bereziak landuko dituzte.

Ostiraletik (maiatzak 9) aurrera, hauteskundeetara aurkeztuko diren talde guztien ekitaldiei adi egongo dira albistegi-saioak: 'Gaur Egun' ETB1en eta 'Teleberri' ETB2n; 'Faktoria', 'Goiz Kronika', 'Goizak Gaur' eta 'Mezularia' Euskadi Irratian eta 'Boulevard' / 'Araba Gaur', 'Crónica de Euskadi' eta 'Crónica de la Tarde' Radio Euskadi-Radio Vitorian.

Telebistako albistegietan, kanpainaren jarraipenaz gain, tarte berezi bat zabalduko dute egunero. Bertan, erreportajeak egingo dituzte, hautagaien perfilari buruzkoak esate baterako, eta Europako erabakiek nola eragiten diguten azaltzeko bideo labur batzuk prestatuko dituzte.

Eitb.com webguneak ere Europako hauteskundeen jarraipen estua egingo du. Horretarako, atari berezi bat osatu da eta, bertan, hauteskundeokin zerikusia duen informazio guztia bilduko da: alderdien aktualitatea, Europako hautagaien soslaiak, Europar Batasuneko informazio orokorra... Nazioarteko aktualitatea jarraitzen duten kazetarien kolaborazioak bildu dira, eta EiTB taldean egiten diren elkarrizketa eta debateak jasoko dira. Gainera, maiatzaren 15ean Europa osorako eskainiko den Batzordeko presidentegaien eztabaida bakarra zuzenean izango da ikusgai eitb.com-en, eta hauteskunde gaua zuzenean jarraitu ahal izango da, albiste, bideo eta emaitzak berehala eskuratuz.

Aurreko hauteskundeetan egin izan duen legez, alderdi bakoitzaren programaren puntu nabarmenenen berri zuzena emateko asmoa du EiTBk. Horretarako, elkarrizketak egingo dituzte hautagaiekin eta hauteskundeetara aurkezten diren alderdietako kideekin. Kanpainaren bigarren astean izango dira elkarrizketa hauek.

ETB1en, elkarrizketa horiek 'Egun On Euskadi' goizeko albistegiaren barruan egingo ditu Estepan Aldamiz-Etxebarriak, 09:30ean. ETB2n, berriz, 'ETB Hoy' saioan izango dira, 10:30ak inguruan, Olaia Urtiagarekin.

EiTBko irratiei dagokienez, Euskadi Irratian 'Faktoria' irratsaioak emango ditu hauteskundeetako elkarrizketak 08:30ean; Radio Euskadin goizeko 9etan, 'Boulevard' saioaren barruan, egingo dituzte. Radio Vitoriak zuzenean bat egingo du Radio Euskadiren emisioarekin elkarrizketa horiek eskaintzeko.

Ikus-entzuleei Euskadiko alderdiek eta koalizioek hauteskundeotan aurkezten dituzten proposamenak alderatzeko modua eskaintzeko helburuz, bi debate saio egingo dira: bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz.

ETB2ko eta Radio Euskadi-Radio Vitoriarako eztabaida saioa maiatzaren 19an, astelehena, egingo da 'El Dilema' telebista saioaren baitan. Eztabaida hori Radio Euskadik eta Radio Vitoriak ere emango dute, 'Ganbara' saioaren barruan.

ETB1en eta Euskadi Irratian, berriz, hurrengo ostegunean, maiatzaren 22an, egingo da eztabaida 'Debatea' saioaren barruan, eta irratiak aldi berean emango du.

Eztabaida horietara, 2009. urtean Europako Parlamentuan ordezkaritza lortu eta oraingoan hautagaitzak aurkeztu dituzten alderdiak, federazioak eta koalizioak gonbidatuko dituzte.

Maiatzaren 25ean, hauteskunde-gauean, EiTBk saio bereziak egingo ditu taldeko hedabideetan. Programa hauetan, alderdi, koalizio eta hautesle-zerrendetako ordezkarien iritzi eta balorazioak bilduko dituzte, emaitzak ezagutzen joan ahala. Zuzeneko konexioak egingo dira alderdi politikoen egoitzekin eta baita datu zentro ofizialekin ere.