Itxi

telebista

Kirol emanaldiak

Real Sociedad-Eibar, gaur ETB1en eta eitb.eus-en

A.H.

EITB

Pilota, txirrindularitza, zesta punta, aizkolariak, harrijasotzaileak, artzain txakurrak eta zaldi lasterketak ere bai.

0:09

Kirol eskaintza bete betea dakar Euskal Telebistak Andra Mari Egunean. Futbola, pilota, txirrindularitza, zesta punta, aizkolariak, harrijasotzaileak, artzain txakurrak eta zaldi lasterketak izango dira ikusgai.

Real Sociedad-Eibar denboraldi-aurreko partida izango dugu eguneko kirol hitzordu nagusia. 18:00etatik aurrera, Zarautzen jokatuko den neurketaren berri emango dute zuzenean Iñaki Mikeok, Juanan Larrañagak eta Loiola Altunak ETB1en eta eitb.eus-en.

Aurretik, Burgoseko Itzuliaren hirugarren etaparekin bat egingo dute ETB1ek eta eitb.eus webguneak, 15:05etik aurrera. Revenga eta Lagunas de Neilaren arteko 142 kilometroko ibilbidea izango du etapak, eta Xabier Usabiagak eta Fermin Aramendik emango dute lasterketaren berri zuzenean.

Arratsaldean Azkoitian ospatutako pilota jaialdia gaueko hamaiketan emango dute ETB1ek eta eitb.eus-ek. Binakako bi partida jokatuko dira: Mtz de Irujo-Tolosa / Altuna III-Rezusta eta Jaunarena-Merino / Ladis Galartza- Elezkano II. Xabier Euzkitze eta Joxan Tolosa izango ditugu esatari.

Eguerdiko 12etan, herri kirolen tartea zabalduko du ETB1ek, aizkolarien Latasa saria eta harrijasotzaileen Igeldoko Harria eskaintzeko. Iñigo Aiestaran eta Joxe Etxebeste izango ditugu berriemaile lehenengo, eta Juanan Legorburu eta Goenatxo II.a ondoren.

16:45ean, ETB1en, artzain txakurren Zamudioko sariaren nondik norakoak ekarriko dizkigu Juanan Legorburuk Iker Azkorbebeitia lagun duela.

Arratsaldeko 20:00etan, zaldi lasterketak izango dira ikusgai ETB1en. Donostiako Urrezko Koparen kontakizuna egingo du Imanol Arrutik.

Amaitzeko, 12etan, ETBKn, zesta puntako Donostia sariko finalaren kontakizuna egingo dute Iñigo Aiestaranek eta Jabier Arkarazok.