telebista
Gaur
Estropadak eta pilota Zarauztik zuzenean, gaur ETB1en eta eitb.eus-en
A.H.
EITB
Horrez gain, Burgoseko Itzuliaren azkeneko etapa eskainiko da zuzenean.
Zarautzen izango dira ETBko kamerak igande honetan, bertan izango diren bi kirol hitzorduen berri zuzenean emateko. Eguerdiko 12etan, Euskotren eta San Miguel ligetako traineruak lehiatuko dira, Zarauzko Ikurrina eskuratu nahian. Mikel Olazabal, Ibon Gaztañazpi eta Sara Gandara izango ditugu esatari.
Arratsaldeko bostetan, Aritzbatalde pilotalekuarekin egingo dute bat. Bertan, Zarautz Hiria Torneoko finala jokatuko da. Partida nagusiaren aurretik Arretxe II-Ladis Galartza eta Jaka-Merino bikoteak izango dira aurrez aurre, eta ondoren, berriz, Mendizabal III-Larrinaga y Olaetxea-Iza. Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak egingo dute kontakizuna.
Bi emanaldiak ETB1en eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango dira zuzenean.
Bestalde, Burgoseko Itzuliaren azkeneko etaparekin bat egingo dute ETBK kateak eta eitb.eus webguneak, 13:35etik aurrera. Arandan izango den 12,4 kilometroko erlojupekoak jarriko dio amaiera itzuliari, eta Xabier Usabiagak eta Fermin Aramendik emango dute lasterketaren berri.
Bestalde, 16:00etan, ETB1en, aizkolarien Donostiako Urrezko Kopan gertatutakoak bilduko dituzte Ibon Gaztañazpik eta Joxe Etxebestek.
ETB-Kn, ohi denez, pala eta zesta emanaldiak izango dira iluntze partean, 20:15etik aurrera. Donostiako pala torneoko finala eta zesta puntako Banakako Txapelketako ligaxka izango dira ikusgai, Iñigo Aiestaranen kontakizunarekin.