telebista
Gaurko kirolak
Ezkurdia-Zabaleta / Artola-Albisu, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB
Endesa Ligako Laboral Kutxa-Valentzia Basket partidak eta Kataluniako Itzuliko azken etapak osatuko dute zuzeneko kirol emanaldien zerrenda.
-
Ezkurdia eta Zabaleta
Eskuz Binakako Txapelketa finalerdietako ligaxka heldu da, eta, igande honetan, Donostiako Atano III. pilotalekuan, Ezkurdia-Zabaleta eta Artola-Albisu bikoteek jokatuko dute. Partida hori ETB1en eta eitb.eus-en ikusteko aukera izango da. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da jaialdia Altuna III-Irusta / Irribarria-Merino I norgehiagokarekin. Hirugarren neurketan, berriz, Mendizabal III-Urruzola eta Jaka-Tolosa izango dira aurrez aurre. Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak egingo dute kontakizuna.
Eguerdiko 12:00etan, ohi denez, Endesa Ligaren tartea zabalduko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, Laboral Kutxa-Valentzia Basket partida eskaintzeko. Xabier de la Fuente, Josean Aldalur eta Juan de la Vega izango dira esatariak.
Eguneko zuzeneko hirugarren emanaldia ETB4n eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango dugu 12:30ean hasita: Kataluniako Itzuliko azken etapa. Bartzelonan hasi eta amaituko da 123 kilometroko ibilbidea, eta azken kilometroen kontakizuna egingo dute Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak.
Kirol eskaintza afizionatu mailako pilotak, herri kirolek eta erremonteak osatuko dute. 10:30ean, ETB4n, Bizkaia Cup txapelketako finalen berri emango dute Iñigo Aiestaranek eta Karmelo Ariznabarretak. Ibon Gaztañazpiren eskutik, idi proben Leioako sarian gertatutakoa jakingo dugu 16:30ean, ETB1en. Azkenik, Juanan Legorburuk eta Manuel Arrizabalaga 'Matxin'ek Etxeberria IV- Etxeberria III/ Matxin III- Barrenetxea IV erremonte partidaren emanaldia egingo dute 20:15etik aurrera ETB4n.