Itxi

telebista

Jarraipen zabala

Donostia Zinemaldiaren leihoa zabalduko du EiTBk

A.A.

EiTB

Irailaren 26ra bitartean, Donostiako zinema jaialdiko ekitaldi nagusien berri emango du EiTBk, irrati, telebista zein internet bidez.

0:12

63. Donostia Zinemaldiaren berri emango du Euskal Irrati Telebistak bere hedabide guztietan, irrati, telebista eta internet bidez. Ekitaldi nagusiek oihartzun eta tarte zabala izango dute ETBn, Radio Euskadin, Euskadi Irratian, Gaztean eta eitb.eus-en irailaren 26ra arte.

Irekiera eta itxiera ekitaldiak, Euskal Zinemaren Gala eta Donostia Saria emateko ekitaldia zuzenean eskainiko dituzte Euskal Telebistak eta eitb.eus-ek.

Cayetana Guillen-Cuervok eta Mireia Gabilondok gidatu zuten hasierako gala, eta hainbat aktore izan zituzten lagun zeregin horretan: Itziar Ituño, Dafne Fernandez, Barbara Goenaga, Paco Leon eta Antonio Resines. Gala zuzenean izan zen ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.

Irailaren 22an ospatuko den Euskal Zinemaren Gala ETB4n eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango da, 20:30ean. Bertan, Zinemira saria jasoko du Karmele Soler makillatzaile donostiarrak. 54 pelikulatan parte hartu du bere ibilbidean zehar, Iciar Bollain, Julio Medem, Manuel Gutierrez Aragon, Imanol Uribe eta Pedro Almodovar zuzendariekin, besteak beste.

Irailaren 25ean banatuko da Donostia Saria, eta Emily Watson aktoreari emango diote aurten. Edurne Ormazabalek gidatuko du ekitaldia, eta ETB4n eta eitb.eus-en eskainiko da, 22:00etan.

Azkenik, irailaren 26ko itxiera gala ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai, 21:00etatik aurrera. Edurne Ormazabalekin batera, Aitana Sanchez-Gijon arituko da aurkezle lanetan.

ETBko albistegiek lantalde zabala izango dute Donostia Zinemaldiaren berri ematen. Zuzeneko, erreportaje eta elkarrizketa bidez bertatik bertara jarraituko dute hitzordu garrantzitsu hau, albiste den guztia ez ezik, ikusgai ez diren kontuak ere ikusleei erakutsiz. Arreta berezia eskainiko diote Sail Ofizialean aurkeztuko diren filmei eta, noski, Donostiara etorriko diren zinema munduko izarrei.

Klaudio Landak gidatzen duen 'Sin Ir Más Lejos' magazinean ere arreta berezia eskainiko diote zinema jaialdiari aste osoan zehar, eta 'EiTB Kultura' saioak, aste honetan bezala, Zinemaldiari eskainitako tartea izango du.

Euskadi Irratia eta Radio Euskadi ere, Zinemaldiarekin

Euskadi Irratiko entzuleek gertu-gertutik jarraitu ahal izango dute Zinemaldian gertatzen den guztia. Egunero, konexio bereziak egingo dituzte Zinemaldian arituko den lantaldearekin. Prentsaurrekoak, protagonistak eta zaleen iritziak ekarriko dizkigute bertako lankideek, eta iruzkina, balorazioa eta kritika gehituko dizkie Arkaitz Basterra zuzendariak eta Begoña del Teso zinema kritikariak. Euskadi Irratiak 11:00etan eta 16:30ean zabalduko dizkio leihoak Zinemaldiari.

Radio Euskadiko programazioan ere tarte nabarmena izango du egunero Zinemaldiak. Eguneko kronikak, erreportaje bereziak eta protagonistei elkarrizketak egiteaz arduratuko dira Felix Linares, Ainhoa Mendiburu, Peru Arregi eta Lourdes Soria kazetariak albistegietan eta saio nagusietan ('Boulevard', 'Iflandia', 'Graffiti' eta 'Más Que Palabras'). 'Kultura.eus' saioan ere luze eta zabal jardungo dira Donostiako zinema jaialdiaz egunero.

Webgune berezia, eitb.eus-en

Telebista eta irrati kateekin batera, eitb.eus atariak jarraipen estua egingo du Interneteko erabiltzaileak informatzeko. Atal berezi bat izango dute webean, Zinemaldiaren berri guztiak biltzeko. Albisteak, izarren bideoak, argazkiak... Sekzio Ofizialeko pelikulak eta prentsaurrekoak jarraituko dituzte, eta izarren peskizan ibiliko dira.

Bestalde, Zinemaldiko gala guztiak zuzenean jarraitzeko aukera izango da eitb.eus-en: irekiera, itxiera, Donostia Saria eta Zinemira Saria.