Itxi

telebista

Jarraipen zabala

Donostia Zinemaldiaren leihoa zabalduko du EiTBk gaur

A.A. | EiTB

Irailaren 24ra bitartean, Donostiako zinema-jaialdiko ekitaldi nagusien berri emango da irrati, telebista zein internet bidez.

0:13

Gaur abiatuko den 64. Donostia Zinemaldiaren berri emango du Euskal Irrati Telebistak bere medio guztietan, irrati, telebista eta interneten. Ekitaldi nagusiek oihartzun eta tarte zabala izango dute ETB, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta eitb.eus-en irailaren 16tik 24ra.

Irekiera eta itxiera ekitaldiak, aurten batera ospatuko diren Euskal Zinema eta ETBren Gala eta bi Donostia sariak emateko ekitaldiak zuzenean eskainiko dituzte Euskal Telebistak eta eitb.eus-ek.

Emma Suarezek, Mireia Gabilondok eta Cayetana Guillen-Cuervok gidatuko dute hasierako gala gaur gauean, 21:00etan. ETB1en eta eitb.eus-en zuzenean izango da ikusgai.

Larunbatean, aurtengo lehen Donostia saria jasoko du Ethan Hawke aktore estatubatuarrak. Haren ibilbide luzea nabarmentzearekin batera, haren azken filma, The magnificent seven, ikusteko aukera dakar Zinemaldiak. Saria emateko ekitaldia zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, 22:00etan.

Urtero bezala, euskal zinemak tarte berezia izango du Donostia Zinemaldian. Aurten, Euskal Zinema eta ETB galak batera ospatuko dira, irailaren 20an, Victoria Eugenia antzokian. Bertan, Buscando a Agirre dokumentala estreinatuko du ETBk, duela 80 urte lehenengo Eusko Jaurlaritzaren buru izan zen lehendakariaren biografiara hurbiltzen gaituen ekoizpena, Francesc Escribanok zuzenduta. Ekitaldi berean, Patxo Telleriaren Igelak filma estreinatuko da, eta Zinemira saria emango diote Ramon Barea aktore eta zuzendariari. Gala zuzenean izango da ikusgai ETB4n eta eitb.eus-en, 20:30ean.

Irailaren 21ean, bigarren Donostia sariaren gala eskainiko da ETB4n eta eitb.eus-en, 22:00etan. Egun honetan, Sigourney Weaver aktorearen ibilbideari aitortza egingo dio 64. Zinemaldiak. Ondoren, J. A. Bayonaren azken lanaren Europako estreinaldia egingo da lehiaketaz kanpo: A monster calls. Film horretako protagonistetako bat da, hain justu, Sigourney Weaver.

Azkenik, irailaren 24ko itxiera gala ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai, 21:00etatik aurrera.

ETBko albistegiek egunero zabalduko dute Donostia Zinemaldiaren leihoa. Zuzenekoen eta erreportajeen bidez, eguneko kronika osatuko dute. Halaber, zinema-munduko izarrekin egongo dira: Ethan Hawke eta Sigourney Weaver bi Donostia saridunak elkarrizketatuko dituzte, baita Cynthia Nixon eta Hugh Grant aktoreak ere, besteak beste. Bestalde, euskal zinemaren inguruan informazio zabala eskainiko dute. Tartean, leku nabarmena izango dute EiTBk bultzatutako bi egitasmok: Kalebegiak eta Agirreren inguruko ekoizpenek.

ETB1en eta ETB2n arratsaldez ikusgai diren bi saio berriek, 'Ahoz Aho' (Amaia Cayero, Ilaski Serrano eta Ruben Abal ditu gidari) eta '¡Qué Me Estás Contando!' (Adela Gonzalez, Klaudio Landak eta Ion Aramendi) arreta berezia eskainiko diote zinema-jaialdiari aste osoan zehar.

Bestalde, 'EiTB Kultura' saioak, aste honetan eta hurrengoan, Zinemaldia izango du gai nagusi. Aste honetan, Kalebegiak proiektuari buruz, Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatuko den Sipo phantasma Koldo Almandozen lehen film luzeari buruz eta The Act of Killing sailari buruz arituko dira. Datorren astean, berriz, Zinemira saria jasoko duen Ramon Barea aktore eta zuzendariaren ibilbidea eta Zinemaldiak erakutsiko digun euskal zinemaren uzta berria errepasatuko dituzte.

Euskadi Irratia eta Radio Euskadi ere Zinemaldiarekin

Euskadi Irratiko entzuleek gertu-gertutik bizi ahal izango dute Zinemaldian gertatzen den guztia. Egunero, konexio bereziak egingo dituzte Zinemaldian arituko den lantaldearekin. Prentsaurrekoak, protagonistak eta zaleen iritziak ekarriko dizkigute bertako lankideek, eta iruzkina, balorazioa eta eztena gehituko dizkie Arkaitz Basterra zuzendariak eta Begoña del Teso kritikariak. 11:00etan eta 16:30ean, leiho bereziak zabalduko dizkio Zinemaldiari. Aurten, Zinemaldian aurkeztuko den euskal produkzioari erreparatuko dio bereziki Euskadi Irratiak.

Radio Euskadiko programazioan ere leku nabarmena izango du egunero Zinemaldiak. Eguneko kronikak, erreportaje bereziak eta protagonistei elkarrizketak egiteaz arduratuko dira Felix Linares, Mari Jose Uria eta Mari Jose Villaverde kazetariak albistegietan eta saio nagusietan ('Boulevard', 'Iflandia', 'Graffiti' eta 'Más Que Palabras'). 'Kultura.eus' saioan ere, luze eta zabal jardungo dira Donostiako zinema-jaialdiaz egunero.

Webgune berezia eitb.eus-en

eitb.eus atariak jarraipen estua egingo dio Donostia Zinemaldiari. Atal berezi bat izango du, eta Interneterako propio sortutako edukiak, galak zuzenean ikusteko seinalea eta telebistako eta irratiko lankideek sortutako eduki guztiak topatuko ditugu bertan.

Webguneko edukien artean nabarmentzekoa izango da Felix Linaresek, egunero, Donostiatik bertatik, Zinemaldiaren bihotzetik, Interneterako bideoz egingo duen kronika. Horrez gain, zinema-munduko izarrak iristen direneko lehen irudiak eta adierazpenak erabiltzaileen eskura jarriko dituzte, baita Donostian dauden bitartean egiten dutenaren jarraipena.

eitb.eus-ek arreta berezia jarriko die Euskal Zinema eta ETB Galan estreinatuko diren bi ekoizpenei (Buscando a Agirre dokumentala eta Igelak filma) eta Ramon Barea aurtengo Zinemira saridunari. Halaber, EiTBren eta DSS2016ren eskutik Zinemaldian estreinatuko den Kalebegiak egitasmoaren inguruko xehetasun guztiei erreparatuko die.