Publizitatea
Itxi

2016/09/07

12:15

Zinemaldia

Lankidetza hitzarmena

EiTB eta Zinemaldia, eskua elkarri hartuta 64. edizioan ere

eitb.eus

Jose Luis Rebordinosek eta Maite Iturbek lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, asteazkena, ETBren parte-hartzea duten hamabi film baino gehiago erakutsiko dituen edizio baten atarian.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

EiTBk eta Donostiako Zinemaldiak lankidetza hitzarmena berritu dute asteazken honetan, irailak 7, Tabakalera espazioan eginiko ekitaldi batean. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak sinatu dute ituna, eta, horretan biltzen denez, EiTBk jarraipen handia egingo dio Zinemaldiari aurten ere, taldeko hedabide guztietan.

Irailaren 16tik 24ra bitartean, Donostia Zinemaldiaren berri zehatz-mehatz emateko ahalegin berezia egingo dute ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Gaztean eta eitb.eus-en. Irekiera eta itxiera galak ETB1en eta eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango dira. Horrez gain, Euskal Zinema-ETB Gala eta Donostia sariak (Ethan Hawke eta Sigourney Weaver) emateko ekitaldiak Internet bidez emango dira.

ETBko albistegietan, Zinemaldiak tartea izango du egunero. Albistegiek zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Kazetari eta teknikari lantalde zabalak emango du berri bederatzi egunetan. '¡Que Me Estás Contando!', eta 'Ahoz Ahoz' saioek ere Zinemaldiari erreparatuko diote. Gainera, 'EiTB Kulturak', denboraldiko lehen bi saioetan, irailaren 15ean eta 22an, aurtengo edizioaren inguruko edukiak erakutsiko ditu.

eitb.eus-ek, bestalde, web berezia eskainiko dio eta ekitaldi berezienak streaming-ez emango ditu. Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ere ardatz nagusi izango dute Zinemaldia programazioan; elkarrizketak, erreportajeak, filmen analisiak eta ekitaldi eta jai guztien kronikak bilduko dituzte albistegi eta eguneroko saioetan.

“Buscando a Agirre” eta “Igelak”, ETB Galan

Jose Antonio Agirre lehendakaria buru izan zuen lehenengo Eusko Jaurlaritza osatu zenetik 80 urte bete diren honetan, EiTBk hura gogoratzeko ikus-entzunezko proiektua eraman du aurrera. Buscando a Agirre haren biografiara hurbiltzen gaituen dokumentala ekoitzi du, Francesc Escribanok zuzenduta, zeina irailaren 20an ospatuko den galan estreinatuko baiten.

Gainera, Igelak Patxo Telleriaren filma ere ikusi ahalko da egun horretan Victoria Eugenia antzokian.

Bestalde, Agirre lehendakariak beste izen-abizen batzuk hartuta Europan eta Ameriketan zehar ezkutuan egin zuen bidaia oinarri hartuta, lau ekoizle gaztek zuzendutako dokumental bana aurkeztuko ditu ETBk egun horretan Principe zinema aretoetan: Markak, Hannot Mintegiarena; Iragan gunea Berlin, Maider Oleagarena; Bosgarren solairua, Mikel Ruedarena, eta Paperezko ahotsak-Mugimenduari buruzko saiakera bat, Estibaliz Urresolarena. Bidaian zehar Agirrek egin zituen lau geldialdiek (Gernika, Berlin, New York eta Paris) lehendakariarentzat izan zuten pisua aztertu du bakoitzak.

ETBren parte-hartzea duten lanak

Urtero bezala, Zinemaldian ikusgai izango diren hainbat ekoizpenek ETBren babesa izan dute.

Kalebegiak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak bultzatutako proiektu kolektiboa da horietako bat. Donostian filmatutako edo inspiratutako hamabi istoriok osatzen dute, eta honako 15 egilek hartu dute parte: Julio Medem, Imanol Uribe, Daniel Calparsoro, Gracia Querejeta, Telmo Esnal, Asier Altuna,  Luiso Berdejo, Koldo Almandoz, Borja Cobeaga, Isabel Herguera, Izibene Oñederra, María Elorza, Maider Fernandez Iriarte, Ekain Irigoien eta Iñaki Camacho. Kalebegiak Elorza Belodromoan estreinatuko da.

ETBk lagundutako beste ekoizpen batzuk Zinemira sailean aurkeztuko dira: Pelota II (Jørge Leth eta Olatz González), Chillida: Esku huts (Juan Barrero), Acantilado (Helena Taberna), Igelak (Patxo Telleria), Baskavígin. La matanza de los balleneros vascos (Aitor Axpe), El fin de ETA (Justin Webster), GUtik ZUra (Jon Maia) eta arestian aipatutako Agirreri buruzko bi dokumental, Iragan gunea Berlin (Maider Oleaga) eta Bosgarren solairua (Mikel Rueda). Azken sei horiek Irizar Sarirako hautagaiak dira.

dira.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Zinemaldia 2021
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena