Itxi

telebista

22:15ean

'Lasa y Zabala' pelikula, gaur gauean, ETB2n

eitb.eus

Erredakzioa

Pablo Malo donostiarra zuzendari eta Unax Ugalde gasteiztarra protagonistetako bat dituen filma 22:15ean hasita izango da ikusgai.

Euskal Telebistaren bigarren kateak Lasa y Zabala Pablo Malo donostiarraren filma eskainiko du gaur gauean, 22:15etik aurrera.

1983ko urrian, Joxean Lasa eta Joxi Zabala euskal gazteak Baionan desagertu ziren, aztarnarik utzi gabe. Hamabi urte geroago identifikatu zituzten haien gorpuak, kare bizitan ehortzita, eta sumario luze bezain okerra hasi zen; Iñigo, senideen abokatua, eta Fede laguntzailea hiltzaileak justiziaren aurrera eramaten saiatuko dira filmean, eta, arrisku pertsonal biziei aurre egitearekin batera, joko zikinari joko zikinaz erantzutea zilegi den erabaki beharko dute.

Pablo Malo: 'Zintzotasunez egin dugu Lasa y Zabala'

Pablo Malo Lasa y Zabala filmaren zuzendariaren iritziz, 'publikoa aretotik hau guztia gertatu behar ez zela pentsatuz irteten bada, pelikulak mereziko du'. Esku artean langai 'oso labaina' zuen jakitun zela esan zuen 2014. urtean eskaini zuen prentsaurrekoan, eta batik bat Euskal Herrian pelikula zehatz-mehatz aztertuko zutela bazekiela erantsi zuen. 'Joxean Portela gidoilariak Lasa y Zabala zuzentzea eskaini zionean, jendeak doluminak ematen zizkidan', esan zuen.

Donostiar zinemagilearen hitzetan, 'zintzotasunez eginiko filma da Lasa y Zabala', eta 'beti egongo naiz txarto pasatzen ari denaren ondoan'. 'Filma ez da onen eta gaiztoen istorioa, basakeria bat egin zuten pertsonaia batzuen inguruko pelikula baizik', gaineratu zuen aurkezpenean.

Halaber, Guardia Zibilaren karikaturarik egin ez duela adierazi zuen. 'Sumarioan bertan dagoen informazioarekin gauza larriagoak jarri genitzakeen. Haien inguruan kontatu dizkiguten hainbat gauza ez ditugu gidoian jarri, errealak izanagatik sinesgaitzak baitira, esperpentikoak', baieztatu zuen Malok 2014.ean.

Abokatuaren pertsonaiaz ere mintzatu zen Malo, kazetarien galderei erantzunez: 'Ez da benetako Iñigo Iruin'. Legegizona gorpuzten duen aktoreak, Unax Ugaldek, azaldu zuenez, Iruin izan zuen ardatz, harengan inspiratu zen, pertsonaia sortzeko, eta harekin Lasaren eta Zabalaren prozesuaz hitz egin zuen, eta Iruin emaitzarekin 'oso pozik' dagoela adierazi zuen.