Itxi

telebista

22:30ean

'Etxebarri: tierra y fuego' dokumentala, gaur gauean, ETB2n

EITB

Bittor Arginzoniz Etxebarri jatetxeko sukaldariaren gastronomian barrena murgilduko da dokumentala.

ETB2k Etxebarri: tierra y fuego dokumentala eskainiko du gaur, Bittor Arginzoniz sukaldari handiaren gastronomia gertutik ezagutzeko. Etxebarri erretegia munduko hamar jatetxe onenen artean dago, asteartean Bilbon ospatutako The Word's 50 Best Restaurants 2018 galan berretsi duten bezala.

Arginzonizen sukaldaritza oso berezia da, eta horren gastronomia ulertzeko moduan barrena murgilduko da dokumentala, sukaldaria bera eta sukaldariaren unibertso hori ezagutzeko, hain zuzen. Inork ez dio berak bezainbesteko garrantzia ematen produktuari, eta oinarrizko bi esparru goraipatzen ditu: denbora eta espazioa. Jatorrizko produktuak, 0 kilometrokoak, zorroztasunez aukeratutako hornitzaileak eta sasoian sasoiko produktuak errespetatzen ditu, hain zuzen.

Produktuaren kalitatearekin batera, Arginzonizen sukaldearen bigarren ezaugarria sua da. Askoren iritziz, suaren magoa da Arginzoniz, txingarretan erretzen baititu bai lanpernak, baita Palamoseko ganbak edota Galiziako behi-txuletak ere.

Dokumentalean, sukaldariarekin eta horren kolaboratzaile gertuenekin arituko dira; Patricia emaztearekin, Agustin Peris ospe handiko sommelier katalanarekin, Tetsuro bere laguntzaile japoniarrarekin, eta Axpeko jatetxeko beste langile eta hornitzaileekin.

Jatetxea eraikin berezi batean dago kokatuta, herriko denda izan zena mundu mailan ospe handiko jatetxe bihurtu zuen Bittorrek, eta bertan mahaia hartzea oso zaila da, itxarote-zerrenda luzea duelako.

Dokumentala egin duen lantaldeak orduak eman zituen Etxebarrin grabatzen, jatetxeko sukaldean zein Atxondoko haranean. Bertan dago Arginzonizen proposamenaren jatorria, Euskal Herriko bihotzetik mundura zabaltzen den gastronomia sortzea.

Etxebarri: tierra y fuego dokumentala gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n.