telebista
Emanaldi bereziak
San Prudentzio jaietako danborrada eta erretreta, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Bi emanaldien artean, 'Gasteizen Kantuz eta Dantzaz' saioa eskainiko da.
Urtero legez, EiTBk bat egingo du Gasteizko San Prudentzio jaiekin, eta jaiegun handiaren bezperan egingo diren erretreta eta danborrada eskainiko ditu. Imanol Artolak emango du bi ekitaldien berri, ETB1en eta eitb.eus-en.
Erretreta 21:00etan izango da, Probintzia plazan. Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko tronpetari eta atabalariek joko dute Aldundiaren jauregiko balkoitik. Aiara Dantza taldeak eta Lattor metal boskoteak eta Danbolineruek ere hartuko dute parte.
Ondoren, 22:00etan, 'Gasteizen Kantuz eta Dantzaz' saioan, Algara Dantza Taldeak koreografia tradizionalak eta modernoak eskainiko ditu, eta Crescendo abesbatzak euskal kanta ezagunak abestuko ditu; 'Katuen testamentua', 'Mariandresa', 'Furra furra' eta 'Behin betiko', besteak beste.
Azkenik, 23:15an, danborradaren emanaldia hasiko da. Gasteizko gastronomia elkarte ezberdinetako sukaldari eta soldaduek osatutako tropa Probintzia plazan bilduko da. Danborrak eta upelak hartuta, Erdi Aroko hirigunean eta erdialdeko kaleetan barrena abiatuko dira, fanfarreen musikarekin batera.