telebista
Gaur, 22:30ean
Publikoaren lehiakide gogokoenaren gala eta finalisten arteko debatea, 'El Conquis'en
EITB
Patxi Alonsok publikoaren lehiakide gogokoenaren gala aurkeztu eta abenturako finalistekin solasaldia gidatuko du.
-
'El Conquistador' saioren 15. edizioaren finalistak platoan. Argazkia: EiTB
Gaur gauean, 'El Conquistador del Pacífico' saioak hamabosgarren denboraldiari amaiera emango dio publikoaren lehiakide gogokoenaren gala ospatuz. Denboraldi honek izandako arrakastaren ondorioz, astero, ehunka boto jaso dira ikus-entzuleen lehiakide faboritoen alde. Orain arte boto gehien jaso dituzten lehiakideak Iñaki, Asier, Luna, Leti San, Lekue eta Luisito izan dira. Irabazleak 3.000 euroko saria eta bi pertsonentzako bidaia eskuratuko ditu.
Gaurko saioak, gainera, Panamako Las Perlas uharteetan ikurrina eskuratzeko borrokatu zuten sei finalisten momenturik onenak gogoratuko ditu. Platoan, finalistak ez ezik, abenturako lehiakide guztiak, kapitainak eta conquistologoak egongo dira. Horrez gain, aurrez ikusi ez ditugun finaleko irudiak, Iker irabazlearen ospakizunak eta finalisten itzulerako bidaiaren irudiak erakutsiko dira.
Bestalde, Ainhoak eta Txurruk Gaztearen setetik girotuko dute saioa eta Humbertok bere imitaziorik onena eskainiko du.
'El Conquis' gaur izango da ikusgai 22:30ean ETB2n eta eitb.eus-en.