Itxi

telebista

22:15ean

Oarsoaldeko 'trabajadoriak' eta fusilatuak izango dira protagonista gaur gauean

EiTB

Kattin Txiki elkartearen ekimenez egindako 'Trabajadoriak. Frankismoaren gatibuak Oarsoaldean' eta 'Isiltzen ez den isiltasuna' dokumentalak eskainiko dituzte ETB1ek eta eitb.eus-ek.

0:26
Trabajadoriak

Gaur gauean bi dokumental izango ditugu ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en: Trabajadoriak. Frankismoaren gatibuak Oarsoaldean eta Isiltzen ez den isiltasuna. Biak ala biak memoria historikoaren aldeko Oiartzungo Kattin Txiki elkarteak sustatutako lanak dira.

Lehendabizikoak, 36ko gerraren ondoren, frankistek zigortuta, langile batailoietan Oiartzunen lanean aritu ziren 'trabajadoriak' ditu ardatz. Bigarrenak, berriz, garai hartan fusilatuak izan ziren herritarrak. Bi ikus-entzunezkoek garai hartan gertatutakoa gizarteari ezagutaraztea dute helburu.

Espainiako 1936ko altxamenduak 1939an lortu zuen garaipena, eta preso ugari sartu zituzten kontzentrazio-esparruetan eta kartzeletan. Haietako asko langile batailoietara bidali zituzten zigorrak betetzera. Oarsoaldean, 18 batailoi izan  ziren, eta lau urtetan zehar aritu ziren gatibu lanetan, errepide eta gotorlekuak eraikitzen. Pikoketa, Aritxulegi, Arkale eta Jaizkibel aldeko errepideak haiek egin zituzten. Egoera tamalgarrian aritu ziren, gosez, gaixorik eta heriotza zigorraren mehatxupean.

Langile haietako batzuk fusilatu egin zituzten. Hain justu, bigarren dokumentalak 1936ko gerran fusilatutako bost gizakien gorpuzkiak zituen hobi komun bat bilatu eta hobitik ateratzeko prozesua erakutsiko du.

Trabajadoriak. Frankismoaren gatibuak Oarsoaldean eta Isiltzen ez den isiltasuna dokumentalak 22:15ean izango dira ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.