Itxi

telebista

Kirolak

Juan Martinez de Irujo eta Kilian Jornet protagonista, asteburuko kirol emanaldietan

EiTB

1994ko Munduko Zesta Txapelketako bi partida eta Anjel Arrospide aizkolariaren bi garaipen historiko ere eskainiko dira ETB1en eta eitb.eus-en.

  • Kilian Jornet atleta 'Path to Everest' dokumentalaren kartelaren aurrean

    Kilian Jorneten dokumentala, igandean. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

Esku pilota, herri kirolak eta zesta puntarekin batera, mendia izango da protagonista asteburu honetan Euskal Telebistako kirol tarteetan. Igande honetan jokatzekoa zen Zegama-Aizkorri probari keinutxo bat egingo zaio eta Kilian Jorneten azken dokumentala, Path to Everest (Everesterako bidea) eskainiko da. Filmaren euskarazko bertsioaren estreinaldia izango da. 

Pilota emanaldietan, Juan Martinez de Irujoren balentriez gozatu ahal izango dugu. Gaur, "Gure Bideoteka" tartean (18:00etan), 2004ko Buruz Buruko finala, Xala vs Irujo, eta 2009ko Binakako finala, Olaizola II-Mendizabal II vs Irujo-Goñi III, izango dira ikusgai. Igandean, "ETB Kantxa Solasean" saioan (17:00etan), hiru neurketa hauek eskainiko dira: 2006ko Buruz Buruko finala, Irujo vs Olaizola II; 2014ko Lau T'erdiko finala, Irujo vs Olaizola II, eta 2006ko Binakako finala, Olaizola II-Zearra vs Irujo-Eulate

Gaur gauean, zesta puntaren leihoa zabalduko dute (23:05ean), 1994ko Munduko Txapelketako bi norgehiagoka eskaintzeko: Ernesto Arriaga-Elortza vs Alberdi-Aranburu eta Mitxelena-Pedrouzo vs Txikito-Felix. 

Igandean, "Helmuga" saioan (11:30ean), Kilian Jornet izango da protagonista nagusia. Berarekin batera, Zegama-Aizkorri probak ere izango du tartea, igande honetan ospatzekoa baitzen 2020ko edizioa. Saioaren ondoren, Everesterako bidea (Path to Everest) dokumentala izango da ikusgai. Bertan, mendizale kataluniarra hobeto ezagutzeko aukera izango dugu, bere beldurrak, kontraesanak eta ilusioak. Mendiz mendi ibili eta birritan Everesteko gaina zapaldu ostean, amets eta erronka berriak gauzatzeko irrikaz dago. 

Bazkal osteko herri kirolen tartean (16:00etan) Angel Arrospideren bi garaipen ikusi ahal izango dira, 1993ko eta 1995eko Euskal Herriko Aizkolari Txapelketan. 

Emanaldi guztiak ETB1en eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango ditugu.