Itxi

telebista

U12

Hauteskundeen jarraipen informatiboa, EiTBn

EiTB

Hauteskunde-atalak eguneroko albistegietan, elkarrizketak hautagaiei, hauteskunde-debateak eta hauteskunde-gaua izango dira kanpainan.

  • Jarraipen zabala egingo die EiTBK U12ko hauteskundeei

    Jarraipen zabala egingo die EiTBK U12ko hauteskundeei.

2020ko uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira jarriko da EiTB Talde osoa gaurtik aurrera. ETB1, ETB2, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta eitb.eus hedabideek hauteskundeen alderik nabarmengarrienen berri emango diote euskal gizarteari. Gainera, hautagaitzak aurkezten dituzten alderdien eta koalizioen hauteskunde-programen eta ekitaldien zuzeneko informazioa jasoko dute. Horretarako, bloke bereziak, elkarrizketak, eztabaidak eta hauteskunde-gaueko saioak eskainiko dituzte.  

Hauteskunde-atalak eguneroko albistegietan 

Beste hauteskunde-kanpaina batzuetan bezala, EiTBk aurreikusita du tarte espezifikoak eskaintzea kanpaina honetan egunero emango diren telebista-albistegietan (ETB1 eta ETB2) eta irrati-albistegietan (Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitoria). 

"Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegien eguerdiko eta gaueko edizioetan, hauteskunde-informaziorako blokea sortuko dute.

Bestalde, Radio Euskadin, Euskadi Irratian eta Radio Vitorian egunero emango diren albistegiek hauteskunde-atalak izango dituzte, bi formatutan: hauteskunde-bloke osoa eta laburpen-kronika. 

Elkarrizketak hautagaiei 

Telebistan, albistegietako hauteskunde-atalak, autonomia-erkidegoko hauteskunde hauetan parte hartuko duten alderdien eta koalizioen hautagaiei egingo zaizkien elkarrizketekin osatuko dira. Ekainaren 29an hasi eta uztailaren 9ra arte, EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, PP+Cs, PSE-EE eta EQUO Berdeak alderdietako ordezkariek ETBko aurkezleen galderei erantzungo diete. ETB1en, "Egun On Euskadi" programaren baitan egingo dira solasaldiok, 09:30etik aurrera eta Iban Garateren eskutik. ETB2n, berriz, lehendakarigaiei elkarrizketak egingo dizkie Xabier Garcia Ramsdenek 22:15 aldera. 

Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak elkarrizketak egingo dizkiete aurreko hauteskunde baliokideetan ordezkaritza lortu duten alderdi, federazio, koalizio eta taldeei. Radio Euskadin, elkarrizketak goizean emango dira, "Boulevard" saioan, astelehenetik ostiralera, 09:05ean. Euskadi Irratian, elkarrizketak goizeko "Faktoria" saioan egingo dira, astelehenetik ostiralera, 08:30ean. Radio Vitorian, ordu berean, "Araba gaur" saioan. 

Hauteskunde-debateak 

Ikusleei alderdi bakoitzaren programa eta proposamen politikoen zuzeneko kontrastea eskaintzeko asmoz, hauteskunde-debate bat egingo da ETB1en, uztailaren 2n, Xabier Usabiagak gidatuta, eta beste bat ETB2n, uztailaren 7an, Xabier Garcia Ramsdenen eskutik. Eztabaidak 22:00etatik aurrera izango dira ikusgai. 

Irratiei dagokienez, hiru hauteskunde-debate egingo dira. Uztailaren 7an, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioak 08:30ean ekingo dio eztabaidari. Egun berean, Radio Vitoriako "Radio Vitoria Gaur" programan egingo dute debatea, 12:00etan. Bukatzeko, Radio Euskadiko "Boulevard" saioak uztailaren 9an eskainiko du eztabaida, 09:00etatik aurrera. 

Hauteskunde-gaua 

Uztailaren 12an, Euskal Telebistako bi kateek hauteskundeen emaitzei buruzko saio berezia egingo dute. Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak ere hauteskundeen emaitzei buruzko saioa egingo dute. Saio berezi horiek 20:00ak baino lehen hasiko dira, eta hauteskunde-eguneko informazioa eta emaitzak eguneko kirol-ekitaldietako informazioarekin bateratuko dituzte. 

ETB1en, Yerai Diaz Ikaran, Iban Garate eta Xabier Usabiaga izango dira informazio guztia jasotzen. ETB2ko saioa aurkezten, berriz, Xabier García Ramsdem, Juan Carlos Etxeberria eta Africa Baeta arituko dira. 

Zuzeneko konexioak egingo dira hauteslekuekin eta alderdi, federazio, koalizio eta taldeen egoitzekin. Gainera, EiTB Taldeak iritzi-inkesta bat izango du, emaitzen aurreikuspena egin ahal izateko 20:00etatik aurrera, hauteskunde-mahaiak itxi eta gero. Era berean, Galiziako hauteskundeetako emaitzen jarraipena egingo dute.

eitb.eus 

eitb.eus-ek uztailaren 12ko hauteskundeei buruzko webgune berezia izango du. Egunero, hauteskunde-kanpaiaren inguruko informazio zehatza argitaratuko da webgunean. Halaber, albisteak, bideoak eta EiTB Taldean egiten diren elkarrizketak (telebistakoak zein irratikoak) ikusgai izango dira ordenagailu eta bestelako mugikorretatik. Debateak ere izango dira eskuragai; zuzenean eskainiko dira, eta EiTB Nahieranen kontsultatu ahalko dira. 

Horrez gain, hauteskunde-kanpainako bideo, audio eta elkarrizketak mugikorretatik eta ordenagailuetatik jaso ahalko dira. Alderdi bakoitzak bere tarte berezia izango du, eta horien bideoen kontsulta egin ahalko da bertan. Eztabaidak webgunearen bidez ere jarraitu ahalko dira, eta, ondoren, Nahieran zerbitzuan egongo dira eskuragarri.