Itxi

telebista

Uztailak 12

Hauteskunde gaua bertatik bertara, EiTBko hedabideetan

EiTB

19:00etatik aurrera hasiko dira saio bereziak EiTBko irratietan eta telebista kanaletan. eitb.eus-ek, berriz, horren jarraipen zabala egingo du hauteskundeei eskainitako webgunean.

  • Iban Garate, Yerai Diaz Ikaran eta Xabier Usabiaga, ETB1eko auteskunde gaueko aurkezleak

    Iban Garate, Yerai Diaz Ikaran eta Xabier Usabiaga. Argazkia: EiTB

Euskal Irrati Telebistak hauteskunde autonomikoen bozketa eguna bertatik bertara jarraitzeko aukera eskainiko du. Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta eitb.eus-en bidez egunean zehar gertatu den guztiaren berri emateaz gain, 19:00etan saio bereziak hasiko dira. Halaber, albistegi zerbitzuek Gizakerrek egindako inkestaren emaitzak emango dituzte ezagutzera. Aurreko egunetan eta telefono bidez egindako inkestaren datuak bilduko ditu EiTBko hauteskunde gaueko galdeketak. 

Africa Baeta, Xabier Garcia Ramsden eta Juan Carlos Etxeberria izango dira ETBko gaztelaniazko saioaren gidariak, 19:30ean hasita. Hauteskunde emaitzekin batera, eguneko informazio orokorra eta kirol jardunaldiko azken ordukoak emango dituzte.

ETB2ko saioan, berriz, Naiara Pinedo, Braulio Gomez, Maite Ubiria, Gorka Landaburu eta Chelo Aparicio adituek emaitzak aztertuko dituzte. Alderdi politikoen egoitzetan, Lehendakaritzan eta hautesleku batean egongo dira zuzenean. Horrez gain, Galiziarekin egingo dute bat bertako hauteskunde egunaren nondik norakoak kontatzeko.

20:00etan, Gizakerrek EiTBrentzat egindako inkestaren emaitzak emango dira ezagutzera. Aurreko egunetan telefono bidez egin zaizkie inkesta hauek 2.800 laguni.

Platoan politikoen mahaia ere izango da, alderdietako ordezkariekin, uztailaren 12ko emaitzen ondorengo mapa politikoaz eta balizko itunez hausnarketa egiteko.

Bestalde, ETB1en, Yerai Diaz Ikaranek, Xabier Usabiagak eta Iban Garatek gidatuko dute programa berezia 19:45etik aurrera. Eider Alkorta, Pilar Kaltzada, Felix Arrieta eta Iñaki Galdos adituak egongo dira horiekin batera, eta alderdi politikoen ordezkariak mahaiaren bueltan eseriko dira emaitzen balorazioa egiteko.

Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Euskadi Irratia

EiTBko irratiek ere, hauteskunde gaua zuzen-zuzenean biziko dute. Emaitzak berehala eskaintzeaz gain, hausnarketa egingo dute irratsaio berezi hauetan.

Euskadi Irratian, 19:45etik aurrera, adi-adi jarraituko diote EiTBrentzat egindako inkesta eta emaitzei, alderdien erreakzioak jasoz. Iñaki Guridi eta Eider Bilbao izango dira saioaren gidari. Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi nagusien egoitzetan eta Lehendakaritzan dauden kazetariekin bat egingo dute. Eta datuen inguruko hausnarketa Onintza Enbeita, Xabier Barandiaran eta Felipe Juaristi kolaboratzaileek egingo dute.

Radio Euskadik Dani Alvarez gidari 19:00etan hasiko den irratsaio berezia eskainiko du. EiTBko inkestaren emaitzekin ekingo diote, eta etengabe sortuko diren berri eta emaitzak bilduko dituzte gero. Hauek arituko dira irratsaio berezian: Juanjo Alvarez, Ion Ansa, Nagua Alba, Javier de Andres eta Oscar Rodriguez.

Zuzeneko konexioak izango dira alderdi politikoen egoitzetatik eta Lehendakaritzatik.

U12ko hauteskundeetako emaitzak: informazioa zuzenean eitb.eus atarian

eitb.eus atariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak zuzenean kontsultatzeko aukera eskainiko du. Informazio guztia etengabe berrituko da uztailaren 12an.

Euskal Irrati Telebistaren (EiTB) atari digitalak informazio osatua eskainiko du hauteskunde gauean, eta tokian tokiko datuak emango ditu ezagutzera. Emaitza guztiak minutuz minutu ikusi ahalko dira, bai probintziaz probintzia, bai eta udalerriz udalerri.

Horrez gain, hauteskundeekin lotutako informazioa izango da une oro eitb.eus-en. Hauteskunde gauean gertatzen den guztia argazki, bideo, testu eta audio bidez jasoko da.

EiTB Taldeko telebista (ETB1 eta ETB2) eta irrati (Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoria) emankizunak streaming bidez jarraitu ahalko dira munduko edozein lekutatik.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena