telebista
22:30ean
"Juego de Cartas" saioak euskal jatetxerik onena bilatuko du gaur Costa del Solen
EiTB
Javi Sierrak gidatzen duen saioak El Caserío de las Monjas, Casa Rubi, Casa Navarra eta Biarritz jatetxeak bisitatuko ditu Costa del Solen.
-
"Juego de Cartas" saioko lehiakide baten jatetxea. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.
"Juego de cartas" saioak penintsula osoa zeharkatuko du aste honetan, Costa del Soleko euskal jatetxeen bila, gure sukaldaritzak gero eta ospe handiagoa baitu bertan.
Lehiatuko den lehen jatetxea El caserío de las Monjas izango da, Velez-Malagan Txema Alaiz eta emazteak gidatzen dutena. Malagako emakume batekin ezkondu ostean, hogei urte daramatza Txemak bertan bizitzen, baina ez du Euskadi ahaztu. Hori dela eta, bere jatetxeak baserri bat gogoraraziko digu.
Hogei urte bete berriak zituen Jose Luis Alonso bilbotarrak, parte-hartzaileen artean bigarrenak, Costa del Solera bizitzera joan zenean. Fuengirolako Casa Rubi jatetxeko arduraduna da gaur egun, eta bertan 30 urte eman arren, euskaldun sentitzen da egunero.
Carlos Herrero nafarraren Mijasko Casa Navarra jatetxea izango da gaurko saioko hirugarren parte-hartzailea. Inguru haietan bere familiarekin batera 32 urte badaramatza ere, Nafarroa du beti gogoan, eta, nola ez, uztailaren 6an San Fermin ospatzen da bertan: eguna txupinazoarekin hasi ohi dute eta Mijasko hainbat bizilagun bertaratu ohi dira.
Aritz Arrieta arrasatearrak Biarritz jatetxea du Marbellan. Uda asko bertan eman ondoren, Aritz bere negozio propioa irekitzera animatu zen. Euskal kultura Costa del Solen modan dagoela azaldu digu, eta hemengo guztia ondo hartu eta onartzen dutela.
"Juego de Cartas: Euskal Jatetxeak Costa del Solen", gaur gauean izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.