telebista
22:30ean
Alacanteko euskal jatetxe onenaren bila ibiliko da gaur gauean "Juego de Cartas"
EiTB
Javi Sierrak gidatzen duen saioak Gorbea, El Norte, Pintxolari eta Katagorri tabernak bisitatuko ditu.
-
Javi Sierra aurkezlea Yolanda Celaya partaidearekin. EiTBren bideo batetik ateratako irudia.
Irailaren 21eko saioan historiako audientzia datu onenetako bat lortu ostean, "Juego de Cartas" saioak Alacantera egingo du bidaia gaur gauean. Bertan, lau euskal jatetxe arituko dira lehian sukaldaritza ona, umorea eta entretenimenduz betetako saio batean.
Santa Polako jatetxe bat izango da horietako bat: Gorbea. Horren jabeetako bat da Ricardo Iguzkiza, galiziarra jaiotzaz baina euskalduna amaren aldetik. Jatetxe hori elkartzeko gunea da Alacant inguruan dauden bizkaitarrentzat, eta Athleticek jokatzen duen bakoitzean jatetxea lepo egoten da.
Iñigo Perez eta bere emaztea dira El Norte jatetxeko jabeak (saioko bigarren lehiakidea). Bilbotar hau itsas biologoa da izatez, baina egun batean hori albo batera utzi eta ostalaritzan murgiltzea erabaki zuen euskal gastronomiaren alde egiteko. Ez zebilen oker, eta bere proposamenak laster maitemindu zituen Alacanteko hiriburuko hainbat lagun.
Gure hirugarren helmuga Alacanteko San Juan izango da, bertan baitago Yolanda Celayak zuzentzen duen Pintxolari jatetxea. Tafallar baten alaba eta beste hiru tafallarren ama da, nahiz eta berari Alacanten jaiotzea egokitu zitzaion. Bere lokalean sagardotegiko menuak izugarrizko arrakasta du, eta Yolandaren ametsetako bat da egunen batean upel bat jarri eta 'txotx' oihukatzea.
Urko Saratxaga, Katagorri jatetxeko jabe eta saioko azken partaidea, ere bilbotarra da. Oso gazte zela iritsi zen Urko Alacantera, eta 20 urte daramatza bertan. Topikoa badirudi ere, pintxoz betetako barra bat ikusteak harritzen ditu gehien bertako bizilagunak, horren esanetan, Mediterraneo aldean ezohiko ikuskizuna baita.
"Juego de Cartas" saioaren Euskal Jatetxeak Alacanten atala gaur gauean izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.