Itxi

telebista

Reala txapeldun!

Reala txapeldunaren inguruko zuzeneko saio berezia gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en

EITB Media

"Geurea,bai edo bai. Reala Txapeldun!" saioak protagonistei, zaleei eta pertsona ezagunei elkarrizketak; irudirik zirraragarrienak, eta, Realak Donostia Ospitalera egin duen bisita bilduko ditu

  • "Geurea, bai edo bai. Reala Txapeldun!".

    "Geurea, bai edo bai. Reala Txapeldun!". EITB Mediako bideo batetik lortutako irudia.

"Geurea, bai edo bai. Reala Txapeldun!" Realaren inguruko saio berezia izango da gaur gauean ETB2n eta eitb.eus-en, zuzenean, 22:15ean hasita eta Julian Iantziren eskutik. Bi orduko saioa izango eta, eduki erakargarri ugari izango du. Cartujako finaleko protagonista nagusiei, zaleei eta pertsona ezagunei elkarrizketak; irudirik zirraragarrienak, eta, baita, ostiral honetan Realak Donostia Ospitalera egin duen bisita ofiziala ere.

Hain zuzen ere, Reala Donostiako Ospitalean izan da Gipuzkoako osasun-langileei eta covid gaixoei Koparekin omenaldia egiteko. Harrera nagusiko eskaileran izan da ekitaldia, eta, bertan, Imanol Alguacil entrenatzailea, Jokin Aperribay presidentea, Roberto Olabe zuzendari teknikoa eta hainbat jokalari hartu ditu Itziar Perez Donostialdea ESIko zuzendari gerentea buru izan duen ospitaleko ordezkaritzak.

Ekitaldiari oihartzun zabala emango dio EITBk albistegi eta saioetan. ETB2ko gaueko saioan ez ezik, eitb.eus-ek streamingez emango du eta sare sozialetan jarraipen zabala egingo zaio. Irratian,  Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko albistegietan emango dute berri lehenengoz. Lehen telebista irudiak, halaber, 11:30ean "En Jake"k jasoko ditu.   

Bestalde "Geurea, bai edo bai. Reala Txapeldun!" saioak, Julian Iantzik egunean zehar Zubietan eta Reale Arenan egindako elkarrizketak eskainiko dira: Imanol Alguacil entrenatzaileari, Jokin Aperribay presidenteari,  Roberto Olabe zuzenari teknikoari eta Asier Illarramendi eta  Mikel Merino jokalariei. Finala bertan bizi zuten kazetarien agur eta lekukoak, pertsona ezagunenak, agintarienak, jokalari ohi historikoenak, omendutako osasun-langileena eta nola ez, Realeko zaleenak bilduko ditu.   

Zaleen harira, EITBren Cartuja birtuala ekimen arrakastatsuan parte hartu duten Realaren jarraitzaileek eta nahi duen orok ere, bihotzeko taldea zoriontzeko landu eta EITBra bidalitako bideo sorta tartekatuko da saioan eta bideo horiek guztiak programaren ondoren emango dira. Oraindik ere bideoak bidaltzeko aukera dago Reala Txapeldun webgunean.