Itxi

telebista

Arrauna

Euskal traineruen lehen mailako ligak, zuzenean, EITBko hedabideetan

EITB Media

Larunbatean Coruñan abian jarri ziren Euskotren eta Eusko Label ligetako estropada guztiak ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango ditugu zuzenean.

  • Ibon Gaztañazpi, Sara Gandara eta Mikel Olazabal.

    Ibon Gaztañazpi, Sara Gandara eta Mikel Olazabal. Irudia: EITB Media

Uztailaren 3an jarri ziren abian Coruñan euskal traineruen lehen mailako bi ligak, Euskotren (emakumeak) eta Eusko Label (gizonak), eta EITB ikus-entzunezko taldeko hedabideak denboraldi osoaren lekuko izango dira. Bi liga nagusietako estropada guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta eitb.eus-en, baita Euskadiko Txapelketa eta Donostiako Bandera ere.

Guztira 25 jardunaldi izango dira, modu ikusgarrian eta datu zehatzekin hornituta, telebistaz ikusgai izango direnak, Mikel Olazabal, Ibon Gaztañazpi eta Sara Gandararen kontakizunarekin. Emanaldi hauek, gainera, eitb.eus-en ez ezik, EITB Albisteak eta EITB Nahieran aplikazioen bidez jarraitu ahal izango ditugu.

Horixe da hain zuzen ere EITBren helburua, gure arrauna mundu zabalean erakustea, eta horretarako ahalegin teknologiko handia egingo du. Arraunlarien jarduna ikusi eta entzuteaz gain, naturaren irudi ikusgarriekin gozatu ahal izango dute ikus-entzuleek. EITB eta AZTIren arteko aliantzari esker, euskal itsas ondoen batimetriak (urpeko infografiak) eskainiko dituzte, harkaitzek, korronteek, itsasgorak, itsasbeherek edo beste elementuek estropadan izan dezaketen eragina aztertuz.

Bestalde, datuen bitartez lehiaketaren informazio osagarria jasoko dute emanaldiaren jarraitzaileek: traineru bakoitzaren momentuko GPS posizionamendua infografia bidez, haizearen egoera, estatistikak, emaitzak, sailkapena, denborak eta historikoa. 

25 emanaldi, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en

Coruñako Bandera izan da lehen proba: uztailaren 3an, larunbatean, lehen jardunaldia, eta uztailaren 4an, igandean, bigarrena. Uztailaren 10ean, Donostiarra Kaiarriba Bandera jokatuko da, eta uztailaren 11n, Zierbenan, Petronor Bandera

Bi liga nagusietako beste bost estropada eskainiko dira uztailean: Orioko Bandera, hilaren 17an; Getxoko Bandera, hilaren 18an; Caixabank Bandera, Castro Urdialesetik, uztailaren 24an; El Correo Bandera, Lekeitiotik, hilaren 25ean, eta Bilboko Bandera, hilaren 31an. Tartean, uztailaren 21ean, Euskadiko Txapelketa eskainiko da Lekeitiotik.

Abuztuan zortzi bandera jokatuko dira. Horietako bitan, Santurtziko Ikurrina (hilaren 1ean) eta Zarauzko Ikurrina (14ean lehen jardunaldia eta 15ean bigarrena), emakume zein gizonak arituko dira lehian. Gainerakoetan, berriz, gizonezkoak bakarrik: Barbanza Arousa Bandera (7), Boiroko Bandera (8), Ondarroako Bandera (21), Hondarribiko Bandera (22), Areseko Bandera (28) eta Moañako Bandera (29).

Iraileko lehen bi igandeetan (5 eta 12) Donostiako Bandera izango da ikusgai, eta aurretik, sailkatze estropada ere bai: hilaren 1ean emakumeena eta 2an gizonezkoena.

Bermeoko Ikurrinak (irailaren 18an) eta El Corte Inglés Banderak (irailaren 19an) itxiko dute denboraldia. Egun horietan jokatuko dira play-offak ere.

Arrauna Euskadi Irratian eta Radio Euskadin

Manu Maritxalar da Euskadi Irratiko arraun emankizunetako gidaria eta Patxi Egurrola adituaren laguntza izaten du zuzenekoetan. Horrez gain, arrauna ardatz duen "Tortartean" irratsaioa gidatzen du ostiraletan eta astelehenetan 22:00etan, eta larunbat eta igandetan 23:00etan.

Radio Euskadiko estropadetako lan-taldea Asier Kareaga kazetariak eta Mikel Ojeda adituak osatzen dute.