telebista
22:30ean
"Juego de Cartas" saioaren bosgarren denboraldiaren estreinaldia, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en
EITB Media
Javi Sierrak aurkeztutako lehiaketa gastronomikoaren denboraldi berria 'Brunch en Bilbao' atalarekin hasiko da. Bertan, Café Origami, Towers, Happy River eta Bissap jatetxeak lehiatuko dira.
-
Javi Sierra bruncha hartzen Bilbon. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Javi Sierra sukaldaria "Juego de Cartas" lehiaketa gastronomikoaren bosgarren denboraldiarekin itzuliko da gaur, urriak 7. Atal bakoitzean lau jatetxe izango dira aurrez aurre eta parte-hartzaileek, Javi Sierrarekin batera, euren lehiakideen lokalak bisitatu eta bakoitzaren eskaintza gastronomikoa dastatuko dute euren balorazioa emateko. Bost esparru izango dituzte kontuan: espazioa, sukaldea, menua, zerbitzua eta prezioa. Puntu gehien lortzen duen jatetxea izango da irabazlea. Denboraldi berria ostegun gauetan izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.
Brunch en Bilbao izena daraman lehen atalean, Bizkaiko hiriburuko lau jatetxe arituko dira nor baino nor gehiago, Bilboko brunch onena eskaintzeko asmoarekin. Goiz-erdian egiten den jatordu hau ulertzeko lau modu ezberdin ezagutuko dituzte eta sorpresa handiak ekarriko dizkigute. Berriz ere, entretenimendua, suspensea eta dibertsioa izango ditugu "Juego de Cartas" saioan ikusgai.
Cristian Páez Cafe Origamiko jabea izango da lehen lehiakidea. Bere brunch eskaintza zabalak hirian lehiakiderik ez duela azalduko du, eskaintza betea, osasuntsua eta gozoa delako.
Alexander Burgo Iberdrola dorrean dagoen Towers jatetxearen jabeetako bat da. Bruncha eta hamaiketakoa sinonimoak dira berarentzat. Etxeko espezialitatea den patata tortillak presentzia handia dauka bertako menuan.
Juan Marchante Bilboko ibai ertzean kokatuta dagoen Happy River modako jatetxearen jabeetako bat da. Bere menuan edozein gauza topatuko dugu: hanburgesak, tartak, zukuak, jogurtak, baita cava kopak ere.
Elena Permit Zubiarte zentro komertzialean dagoen Bissap jatetxearen kudeatzaileak bere brunch eskaintza gainerako lehiakideena bezain ona edo hobea dela azalduko du. Balioan jarriko ditu plater beganoak eta transgenikorik gabeko opilak.
Bosgarren denboraldia
Denboraldi berri honetan, Javi Sierrak koadrilan bazkaltzeko aukerak ezagutuko ditu Añanan, zapore klasikoak dastatuko ditu Bizkaiko jatetxeetan, Gipuzkoako ostatuen eskaintza paregabea ezagutuko du, eta Nafarroako Pirinioetako sukaldeen proposamenak probatuko ditu.
Gainera, ibilbide berri honetan gure mugetatik kanpoko hainbat bazter ere bisitatuko ditu. Horrela, bada, Andorran eta Costa Doradan bizi diren euskal sukaldariak ezagutuko ditu, Leoneraino iritsiko da euskal sukaldaritzaren usain gozoaren atzetik, eta Kantauri itsasertzean, Santoñan, Nojan eta Islan prestatutako arrozak dastatuko ditu.
Aurreko denboraldietan bezala, klasikoa bihurtu den Gabonetako atal berezia egingo dute, sukaldari batek eta pertsona ospetsu batek osatutako hiruna bikoterekin, eta EITB Maratoiari lotutako edizio berezi bat ere eskainiko da.
Denboraldi honetan, gainera, gastronomia-espazioei buruzko atal bat eskainiko da, sukaldaritzaren arteaz ikasteko aukera emanez. Eta, bukatzeko, aurreko denboraldietan programan parte hartu duten lau jatetxe saiora itzuliko dira bigarren aukera baten bila.