telebista
Kirolak
Lau T'erdiko finala, Olaizolaren azken partida eta Behobia-Donostia lasterketa, asteburuan, zuzenean
EITB Media
Super Amara Bera-Berak Ramnicu Valcearen aurka jokatuko duen EHF Kopako partidak eta Atapuercako Krosak osatuko dute azaroaren 13 eta 14ko kirol eskaintza ETBn eta eitb.eus-en.
-
Binakako Txapelketaren finaleko emanaldi bereziko irudia. EITB Media
Kirol eskaintza betea dakarkigu azaroaren 13 eta 14ko asteburuak. Larunbatean, Aimar Olaizolaren profesionaletako azken partidaz gozatu ahal izango dugu, baita ETBk egingo dion omenaldi saio bereziaz. Igandean, berriz, Behobia-Donostia lasterketa eskainiko da goizean eta Lau T'erdiko Txapelketako finala, Jokin Altuna eta Unai Lasoren artean, arratsaldean. Emanaldi guztiak zuzenean jarraitu ahal izango ditugu ETB1en eta eitb.eus-en.
Aimar Olaizola protagonista, larunbatean
Azaroaren 13a egun berezia izango da Aimar Olaizolarentzat. 42 urte betetzen dituen egunean utziko dio pilotan jokatzeari bere jaioterrian, Goizuetan. "ETB Kantxa" saioa bertatik eskainiko da 17:00etan. Salaberria-Erasun / Zubizarreta III-Elizegi partidarekin hasiko da jaialdia eta ondoren, Olaizola II.ak eta Imazek, Jaka eta Aretxabaletaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Xabier Euzkitze, Mikel Idoate eta Elena Azpeitia izango ditugu berriemaile. Gaueko hamarretan, "Azken Partida" saio berezia (hemen informazioa) izango dugu ikusgai, Aimarren omenez.
Aimar Olaizolaren omenezko saioa
Larunbateko kirol eskaintza eskubaloiarekin osatuko da: EHF Kopako Ramnicu Valcea vs Super Amara Bera-Bera partidaren kontakizuna egingo dute Jon Ander Gorospek eta Asier Zubiriak 14:00etatik aurrera ETB4n eta eitb.eus-en.
Behobia-Donostia eta Lau T'erdiko finala, igandean
Igande goizean atletismoa izango da jaun eta jabe. Iazko etenaldiaren ostean, Behobia-Donostia bueltan da eta lasterketaren 56. edizioko zuzeneko kontakizuna egingo dute Kursaaleko gune berezitik Juanan Legorburuk, Xabier Leibarrek eta Olatz Foruriak 11:00etan hasita. Proba hau amaitzean, Atapuercako Krosarekin bat egingo dute.
11:00etan hasiko da emanaldia
Arratsaldean, berriz, pilotaren egun handia izango da: Lau T'erdiko finala jokatuko dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan Jokin Altunak eta Unai Lasok. Jon Balentziagak gidatutako saio berezia 16:40ean hasiko da eta 20:00ak arte luzatuko da, norgehiagokaren analisiarekin. Pedro Mari Goikoetxea, Reyes Azkoitia, Abel Barriola eta Mikel Idoate izango ditu alboan horretarako. Jaialdia Urrutikoetxea-Mariezkurrena II / Elezkano II-Zabaleta eta Zabala-Gaskue / Larrazabal-Uriondo partidekin osatuko da, eta, ohi denez, Xabier Euzkitzek, Elena Azpeitiak eta Barriola-Idoate bikoteak egingo du kontakizuna.