Itxi

telebista

Audientzia

Audientziaren harrera bikaina izan du Lau T'erdiko final handiak ETB1en. Eskerrik asko!!

EITB Media

Jokin Altuna eta Unai Lasoren arteko final gogor eta ikusgarria liderra izan da bere ordu tartean, % 19,1eko audientzia zatia eta euskaldunen arteko % 30,9ko kuota bereganatuz.

  • Altuna eta Laso pilotariak, lau t'erdiko finalean. Argazkia: EFE

    Altuna eta Laso pilotariak, lau t'erdiko finalean. Argazkia: EFE

Igandean, Jokin Altunak eta Unai Lasok jokatutako Lau T'erdiko Txapelketako final handia bere ordu tartean liderra izan da % 19,1eko audientzia-zatiarekin. Arratsaldeko telebista emanaldirik ikusiena da eta euskaldunen artean % 30,9ko kuota eskuratu du, iazko finalaren datua gaindituz.

Altuna III.ak eta Lasok final gogor eta ikusgarria eskaini dute eta norgehiagoka oso parekatua izan da amaierara arte. Azkeneko momentuan, Altuna 22-20 gailendu zaio Lasori. Hirugarren txapela da Amezketakoarentzat kaiolan, sei final jokatu eta gero.

Pilotazaleek ikusmin handiz jarraitu dute partida ETB1en eta, bataz beste, 220.000 lagunek ikusi dute finala Euskadin eta eragin eremuan. Audientzia metatuari dagokionez, 280.000 ikus-entzulek egin dute bat norgehiagokarekin emanaldian zehar.

Euskal Telebistak ahalegin berezia egin du finalaren zuzeneko emanaldia eskaintzeko. Jon Balentziaga kazetariak saio berezia gidatu du 16:40ean hasi eta 20:00ak bitartean. Pedro Mari Goikoetxea, Reyes Azkoitia, Abel Barriola eta Mikel Idoate izan ditu alboan norgehiagokaren analisia egiteko. Bestalde, Xabier Euzkitzek, Elena Azpeitiak eta Barriola-Idoate bikoteak egin dute finalaren eta Urrutikoetxea-Mariezkurrena II / Elezkano II-Zabaleta atariko partidaren kontakizuna.

Behobia-Donostia lasterketa ere audientzia-buru

Pilota ez ezik, goizean, atletismoa izan da jaun eta jabe. Behobia-Donostia lasterketaren zuzeneko emanaldiak ere lidergoa lortu du bere ordu tartean: % 10,6ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 16,1eko kuota eskuratu ditu. Halaber, 143.000 ikus-entzulek bat egin dute kirol hitzorduarekin ETBn.