Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

2021/11/14

19:33

Lau t'erdikoa

FINALA

Lau t'erdiko hirugarren txapela Altuna III.arentzat

A. A. | EITB MEDIA

Amezketako aurrelaria 22-20 gailendu zaio Unai Lasori, Bizkaia Frontoian publikoaren aurrean jokatu den final ezin parekatuagoan.

1:35
Altuna III.ak Laso gainditu du oso final parekatuan (22-20). Argazkia: EFE
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Jokin Altunak bereganatu du Lau t'erdiko 2021eko txapela, Unai Lasori 22 eta 20 irabazi ostean. Hirugarren txapela da Amezketakoarentzat kaiolan, sei final jokatu eta gero.

Altunak eta Lasok oso final gogor eta ikusgarria eskaini diete Bilboko Bizkaia Frontoian bildu diren pilotazaleei, covid-19aren aurkako murrizketak bertan behera geratu zirenetik lehen aldiz ikusleek harmailetara joateko aukera izan baitute.

Bizkarreta-Gerendiaingoak urduri antzera ekin dio finalari, lehendabiziko bere bi sakeak luzeegiak izan baitira. Dena den, jokoaren ekimena berea izan da eta 2-4 aurreratzea lortu du, oldarkor jokatuta. Altunak, ordea, bere txapeldun sena agerian utzita, berehala irauli du markagailua sake-errematearekin min eginez eta Baikoko pilotariaren zenbait huts baliatuta. Hala, zazpi tanto kateatu ditu bata bestearen atzetik (9-4).

Egora horren aurrean, nafarrak bere bigarren etena eskatu eta atsedenaldi horren bueltan aldea zertxobait murriztea lortu du (9-6). Hala ere, Amezketakoaren erantzuna jarraian iritsi da, bi pilotarien artean bost tantoko zuloa jartzeko (11-6), eta alde horrekin etorri da lehen hutsarte luzea (12-7).

Atsedenaldi laburrak on egin dio beste behin ere Bizkarretakoari, eta gatz handiarekin ateratako sakeekin, bi pareta ikusgarri batekin eta gantxo ezin zehatzago batekin lehia orekatzeko gai izan da lehendabizi (12-12), baita aurretik jartzeko ere (13-14).

Une horretan, bestelako partida bati eman diote hasiera bi lehiakideek. Baten tantoaren ostean, aurkariaren erantzuna etorri da segidan, eta, hala, 14-14, 15-15 eta 16-16ko berdinketak pilatu dituzte zaleen gozamenerako. Pilotariak leher eginda zeuden ordurako, eta esertzea erabaki dute biek ala biek. Gainera, ezker eskua mindu antzera egin zaio nafarrari tanto horretan, eta ondo etorri zaio geldialdia.

Lehiak ezin parekatuago jarraitu du, berdinketak bata bestearen atzetik kateatu baitituzte. Altuna agintzen heldu da azkeen etenaldira (18-17), Lasok koltxoipera bidali baitu jasotzeko modukoa zen sakea. Dena den, neurketak bere horretan segitu du, markagailuak 19-19koa erakutsi arte. Une horretan, antolatzaileek neurketa gelditzea erabaki dute, harmailetan maskararik gabe zeuden zaleei musukoa jartzea eskatzeko. Geldialdiak haserrea piztu du partidarekin berotuta zeuden pilotazaleen artean; haatik, ez dute gehiegi itxaron behar izan ikuskizunaz gozatzen jarraitzeko.

20-20 izan da markagailuak islatu duen azken berdinketa. Jarraian, neurketako tantorik gogorrenetakoa jokatu dute bi pilotariek, txapeldunaren alde joan dena (21-20). Erabakigarria suertatu da; izan ere, ondoren, finaleko azken sakea probestu du Amezketakoak berriro ere txapela lortzeko, distantzia horretako hirugarrena.

Markagailua, tantoz tanto: 1-0, 1-1, 1-2, 2-2, 2-3, 2-4, 3-4, 4-4, 5-4, 6-4, 7-4, 8-4, 9-4, 9-5, 9-6, 10-6, 11-6, 11-7, 12-7, 12-8, 12-9, 12-10, 12-11, 12-12, 13-12, 13-13, 13-14, 14-14, 14-15, 15-15, 16-15, 16-16, 16-17, 17-17, 18-17, 18-18, 18-19, 19-19, 20-19, 20-20, 21-20, 22-20.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;