Itxi

telebista

20:00etan

"Historias a Bocados" saioak Idotorbera egingo du bisita gaur

EITB Media

Elgoibarko udalerria osatzen duten zazpi auzoetako bat da Idotorbe. Han Pello, Agurtzane eta Iñigo ezagutuko ditu Joseba Arguiñanok.

  • Joseba Arguiñano Idotorbera egindako bisitan.

    Joseba Arguiñano Idotorbera egindako bisitan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Igande honetako "Historias a Bocados" saioan Idotorbe auzora egingo du bisita Joseba Arguiñanok. Elgoibarko udalerria osatzen duten zazpi auzoetako bat da Idotorbe, hirigunea ere horien artean dela. Idotorbe, baina, landa-eremua da. Udalaren webgunean bertan zehazten dutenez, 33 baserrik osatzen dute. Bertan, Pello, Agurtzane eta Iñigo ezagutuko ditu Josebak, eta horien guztien istorioen berri izango du, mahai baten bueltan.

Erretiroa hartua duen Geografia eta Historia irakaslea da Pello Arrieta, eta Elgoibarko historiaren zale amorratua. Elkarrekin paseoa egingo dute, San Pedro ermitaren historia ezagutzeko. Santumotz santu bereziaren inguruan ere arituko dira. Eliza katolikoaren santutegitik at dago Santumotz, eta bertako bizilagunek errekuperatu egin zuten, bere garaian egin ohi zen festa eta erromeria ere ospatzeko. Azkenik, Idotorbeko Elkarte Gastronomikora joko dute, plater gozoa kozinatzeko: perretxiko pastela otarrainxkekin, gari-zainzuriekin eta gazta-kroketarekin.

Agurtzane Arriolak baserria eraberritzeko erabakia hartu zuen orain zazpi urte, eta bertan landetxea irekitzear da. Baserriko sukaldean haragi-gisatua prestatuko dute eta, dastatu ostean, Agurtzanek baserrian gordeta dituen familia altxorrak erakutsiko dizkio. Enkarterriko astoak ere ikusiko dituzte eta, elkarrekin, egurra bilduko dute, antzina egin ohi zuten bezala.

Iñigo Loyola kaletarra familiarekin batera bizi da Elgoibarko herrigunean,  baina inoiz ez dio utzi baserritarra izateari. Eguna baserrian ematen du, behien ukuilua garbitzen, zezenari ilea orrazten… Lan horretan Josebaren laguntza izango du igandean, eta elkarrekin ogia ere egingo dute, Iñigoren baserrian egin izan ohi duten bezala. Errezeta ikusgarria ere prestatuko dute: Onddoak foie eta arrautza-gorringoarekin.

"Historias a Bocados" saioa gaur izango dugu ikusgai, 20:00etatik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.