Itxi

telebista

ETB2

Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriartek elkarrekin aurkeztuko dute "A Bocados" saioa berriro

EITB Media

Elkarrekin kozinatuko dute arratsaldero, gastronomiari, elikadurari eta osasunari buruzko ezagutzak partekatzen dituzten bitartean. Aro berri honetan, aurkezleen helburua izango da errezeta bakoitzaren pausoak zehaztasun handiagoarekin azaltzea, ikus-entzuleek etxetik are errazago ulertzeko moduan.

  • Gabriela Uriarte eta Ander González

    Gabriela Uriarte eta Ander González. Argazkia: EITB Media

ETB2ko "A Bocados" saioak Ander Gonzalez sukaldaria eta Gabriela Uriarte nutrizionista batu ditu berriz ere. Elkarrekin kozinatuko dute arratsaldero, gastronomiari, elikadurari eta osasunari buruzko ezagutzak partekatzen dituzten bitartean. Eguberri jaietarako menuak izango dituzte ardatz lehenengo programan.

Egunero eduki ezberdinak jorratuko dituzte, gastronomiaren inguruko gai bat ardatz hartuta: menu klasikoak, begetarianoak, nazioarteko errezetak, osasun arazoak dituzten pertsonei zuzendutako platerak… Halaber, astean bitan, pintxoei eskainitako tarte bat izango du Anderrek, azkar eta erraz prestatzeko moduko plater txikiak.

Ander González

Ander González

Aro berri honetan, "A Bocados" saioko aurkezleen helburua izango da errezeta bakoitzaren pausoak zehaztasun handiagoarekin azaltzea, ikus-entzuleek etxetik are errazago ulertzeko moduan. Bide batez, prestaketaren inguruko aholku praktikoak emango dituzte.

Gabrielak elikadurari buruzko jarraibideak emango ditu, patologia eta bizitzeko era ezberdinak kontuan izanik. Horrez gainera, herritarren zalantzak argituko ditu:  bateko, elikagaien manipulazioaz eta kontserbazioaz; besteko, dieten eta osasunaren inguruan. Anderrek eta biek kozinatutako plater bakoitzaren nutrizio-balioak ere azalduko ditu.

Gabriela Uriarte

Gabriela Uriarte

Orain arte bezala, Euskal Herrian barrena topatu dezakegun eskaintza gastronomikoari leihoa zabalduko diote: ireki berri diren jatetxe eta tabernak, baita betikoak direnak ere. Nekazaritza, abeltzaintza eta merkataritza arloei buruko erreportajeak ere ikusiko ditugu. Halaber, Euskadin ekoiztutako produktuen aldeko apustua egingo dute, eta gure herriko hornitzaileen lana erakutsiko dute.

Bestalde, Iñaki Elortzak kalean grabatutako erreportaje dibertigarriak ekartzen jarraituko du, eta sektoreko azken joeren berri ere emango du.

Ander eta Gabriela berriz ere elkarrekin "A Bocados" saioan. Astelehenetik ostiralera 20:15ean ETB2n eta eitb.eus-en.