Abiapuntua
22:30ean
Natura eta ingurumena, gaur gauean, "Abiapuntua" saioan
EITB Media
'Inoiz baino beranduago' izenburupean, naturarekin eta ingurumenarekin lotutako errealitateetan murgilduko dira sei gazteak. Larrialdi klimatikoaren erronka bizi dugun garai honetan, Euskal Herriko egoera ikusi, aztertu eta gertutik biziko dute.
Gaurko "Abiapuntua" saioan ingurumena eta natura izango dituzte mintzagai, Inoiz baino beranduago izenburupean. Hala, saioko sei gazteak naturarekin eta ingurumenarekin lotutako errealitate ezberdinak bizitzera bidaliko ditu Xabier Madariagak. Beti bezala, horiek ezagutu baino lehen, esperimentu bat egingo du gazteekin, aste honetako gaitik zein hurbil edo zein urrun dauden neurtzeko.
Ondoren, Lorea eta Janire gizakiok eragindako zaborra garbitzen arituko dira Arrasaten eta Plentzian, eta azken herri horretan, gainera, paddle surfean nola moldatzen diren ikusiko dugu.
Andoni eta Gorka, berriz, Basondora joango dira. Bertan Euskal Herriko fauna basatia zuzenean ikusi eta zein egoeratan dagoen ikasiko dute.
Azkenik, Joseba eta Maider Pagorriagara bidali ditu Xabierrek, baserri ekologiko batean pare bat egun igaro eta bertako lanetan laguntzera.
Larrialdi klimatikoaren erronka bizi dugun garai honetan, Euskal Herriko egoera ikusi, aztertu eta gertutik biziko dute.
"Abiapuntua" saioa asteartero izaten dugu ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.