Eskamak kentzen
Fikzioa ETB1en
'Eskamak Kentzen' telesaila aurrestreinatuko da gaur Donostian
A.A.
EiTB
Victoria Eugenia antzokirako sarrerak eskuratu dituztenek lehen atala ikusi ahal izango dute, esklusiban, telebistan baino lehenago.
Gaur, otsailak 17, 'Eskamak Kentzen' telesailaren aurrestreinaldia izango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 19:30ean. Sarrerak eskuratu ahal izan dituztenek beste inork baino lehenago eta esklusiban ikusi ahal izango dute lehen atala, ETBko eskabetxeren istorioa nola hasiko den. Gainerakook otsailaren 23ra itxaron beharko dugu, orduan hasiko baita telesaila ETB1en eta eitb.eus-en.
Xole (Elena Irureta), Garbiñe (Karmele Larrinaga), Itsaso (Barbara Goenaga), Elena (Itziar Atienza), Nerea (Ainara Ortega), Itziar (Maria Urcelay) eta Malen (Amaia Irazabal) dira ETB1eko fikzio proiektu berri honetako protagonistak. Kostaldeko emakumeak dira, nortasun handikoak. Kontserba lantegi batean lan egiten dute, eta sarritan barre algara batean jarriko gaituzte haiek edota beraien ingurukoek.
Victoria Eugenian egingo den aurrestreinaldian, telesailean parte hartu duten aktoreetako batzuk eta proiektua egin duten K2000 eta La Competencia ekoiztetxeetako lantaldeak ere izango dira, ETBko arduradunekin batera.
Goizean, prentsaurrekoa
Arratsaldeko estreinaldiaren aurretik, goizean prentsaren aurrean aurkeztu du telesaila ETBk. Donostiako Aquariumen izan da eta bertan egon dira Edu Barinaga ETBko zuzendaria, Blanca Baena K2000ko produktore eragilea, Cesar Rodriguez Blanco La Competenciako produktore eragilea, Iñigo Lecertua saioaren sortzailea, eta Itziar Atienza, Joseba Apaolaza, Karmele Larrinaga, Maria Urcelay, Amaia Irazabal eta Itziar Aizpuru aktoreak.