Goenkale
AURRERAPENA
Antzinako sekretuak ez ditu onartuko Arantzak, gaur, 'Goenkale'n
EITB
Gaurko atalean, etxera itzuliko da Esther, eta, Arantza ez bezala, oso pozik dago, anai-arreba berriak dituelako. Alazne, bestalde, arazoetan sartuko da berriz ere.
Gaur, 'Goenkale'ko hurrengo atalean, Esther guztiz osatuta ikusiko dugu, eta etxera itzuliko da. Pozez gainezka dago beste bi anai-arreba dituela jakin berri duelako: Paskal eta Arantza. Julianekin hitz egin ondoren, Joellerekin itzultzeko konbetzituko du Estherrek. Estherrek esandakoari jarraituz, Joelle berriz konkistatzen saiatuko da Julian. Dena dela, ez dute hain ongi hartu albiste berria; izan ere, horrenbeste urtez gordetako sekretuak aurpegiratuko dizkio Arantzak ama Joelleri.
Loterian egokitu zaien diruaz gozatzen hasi dira Lupe eta Axun. Bitxiak erosi dituzte biek, eta, ondorioz, tartean zerbait arraroa gertatzen ari den susmoa hartuko dute Itxasok eta Arraldeko beste batzuek. Erabaki bat hartu beharko dute Lupek eta Axunek: egia kontatzea edota inolako luxu barik bizitzea.
Bestalde, bere mutil-lagun Unaxekin, farmazian lapurreta egingo du Alaznek. Barruan daudela, giltzak galdu dituztela konturatuko dira.
Azkenik, Bogaren inguruko beste berri txar bat jasoko du Leok. Zer izango ote da?
Hori guztia, gaur, 22:25ean, ETB1en eta eitb.eus-en.