Itxi

Errezetak

Errezetak

Miniaturak

Tolosako babarrunak
Tolosako babarrunak
Osagaiak
  • -Babarrunak
  • -Ur hotza, 4 l (babarrun kilo bakoitzeko)
  • -Olioa
  • -Gatza
  • SAKRAMENTUAK:
  • - Ibarrako piperrak
  • - Beasaingo odolkia
  • - Txerri-urdaia
  • - Aza
  • Egilea: Fronton taberna, Tolosa
Prestaketa

NOLA EGIN

Hasteko, lehendik ureztatu gabeko babarrunak kazola batera botako ditugu, bertan urarekin garbitu ahal izateko. Soberako ura kendu ostean, babarrun kilo bakoitzeko lau litro ur hotz eta olioa gehitu behar zaizkio. Guztia egosteko altuera gehiago duen kazola batekin lan egitea gomendatzen da, produktua ongi mugitu ahal izateko, itsatsita gera ez dadin. Hasiera batean sua indartsu jarri behar da ura irakiten hasi arte.

Ez da beharrezkoa babarrunak eragitea, ezta produktua puskatuko duen tresnarik kazolan sartzea ere. Nahikoa da eskulekuetatik helduta bira batzuk ematea; bide batez, ur gehiago behar duen jakingo dugu. Hala bada, beti ere gehitutako urak hotza izan beharko du, eta pixkanaka gehitu beharko zaio, irakitean sortutako borborrak ez puskatzeko.

Behin babarrunak eginak daudenean gatza gehitu eta egosten minutu batzuk gehiago utzi behar zaie; ostean, sutatik urrundu saltsa loditu dadin.

Babarrunen gehigarri guztiak, sakramentuak kasu honetan, beti bananduta sukaldatuko dira babarrunen zaporea ez aldatzeko. Hauen aurkezpenerako:

-Ibarrako piperrak: gatz lodi eta olioarekin.

-Beasaingo odolkia: txikitutako tipula eta porruz betea, txerri-gantz eta odolez egina, eta oregano espeziez ondua.

-Txerri-urdaia: xerra finak gatz lodi pixkatekin.

-Aza: egosi puntu batekin (ura, olioa eta gatza) eta baratxuriarekin salteatua.