Sukaldaria
22:00etan
'Sukaldaria' Lekeition izango da gaur gauean
EiTB
Joseba Arguiñano Lekeitioko kaleetan murgilduko da, itsasoarekin lotutako istorio eta plateren bila.
'Sukaldaria' saioaren gaurko atala Bizkaiko kostaldean ibiliko da. Joseba Arguiñano Lekeitioko kaleetan murgilduko da, itsasoarekin lotutako istorio eta plateren bila. Naturaz, gastronomiaz eta giroaz gozatzeko aukera paregabea izango du bertan.
Oier Biritxinaga Biritxi Fagorreko chef korporatiboa da, eta gure gastronomia munduan zehar zabaltzen ari da. 51 herrialdetan ibili izan da kozinatzen, eta Joseba Arguiñanorekin egongo da asteazken honetan. Lekeitioko portura sartzen den arrain freskoa erakutsiko dio lehenengo, eta, ondoren, legatz eder bat prestatuko dio bere txokoan. Gainera, ukitu berezia emango dio saioari Bigarren Mundu Gerrako bere jeeparekin.
Halaber, Unai Rojo gazteak ekintza gogoangarri bat egingo digu Lekeitio eta Mendexa arteko zubian. Bertatik zintzilikatuko da, eta akrobazia ikuskizun berezia egingo digu oihalekin. Gure sukaldaria txundituta geratuko da, eta, balentriaren ostean, indarrak hartzera joango dira Santi gozotegira. Joseba Arguiñanok bertan ikasi zuen gurin-opilak egiten, eta palmera ezagunak egiten ikasiko du Loizate anaiekin.
Gure sukaldaria Lekeitioko merkatura joango da laguntzaile apartekin. Rosa Mari Idoiagabeitia eta Edurne Valencia lekeitiar peto-petoak dira, eta bien umorearekin eta kantuekin gure sukaldaria eta Lekeitio osoa alaituko dituzte. Ondoren, merkatuan erositakoekin azken errezeta egingo du Josebak, Rosa Mari laguntzaile duela.
Amaitzeko, Josu Martinek sortu duen gina ezagutuko du: Sukha gina, herriko plazako ezki-lorez egindako edaria. Josu koktel egilea da, eta, gainera, hainbat plater egiten ditu gina erabiliz; antxoak ginean edota izokina gin eta erremolatxatan marinatua, adibidez. Bukatzeko, 'Kantauri itsasoa' izeneko konbinatu berezia prestatuko digu.
'Sukaldaria' asteazkenetan dago ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.