Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

ETB1en eta ETB2n

Denboran atzera begiratzeko moduak, asteburuko "Teknopolis" saioan

EITB Media

Besteak beste, zuhaitzen eraztunen analisiaz eta giza eboluzioa generoaren ikuspegitik aztertzeaz arituko da.

  • "Teknopolis" iraganera begira.

    "Teknopolis" iraganera begira.

Aste honetako "Teknopolis" programak denboran atzera egingo du, oso atzera. Hasteko, zuhaitzen eraztunei erreparatuko die; izan ere, hazi ahala informazio asko biltzen dute zuhaitzek. Dendrokronologoek informazio hori irakurtzen dute eta zuhaitzen eraztunetan bildutako informazioa kronologia-erreferentzia bihurtzen dute, esaterako, baserri bat noiz eraiki zuten jakiteko. Besteak beste hori egiten dute Arkeolaneko dendrokronologoek egurrezko habeetako eraztunei begiratuta. Bestelako informazioa ere ematen dute zuhaitz bizien eraztunek. Nafarroako Unibertsitate Publikoan klima aldaketa ikertzeko erabiltzen dituzte. 

Sarean atalean Twitterreko hari bati tiratu diogu. Isabel Mellén filosofo eta arte-historialariak XII. mendeko margolan baten kasua kontatu du. Arabako Alaitzako Asunción elizan hainbat margo dago, eta, irudien artean bat emakume batena, erditzen. Baina orain arte bestela interpretatu izan da; ikuspegi androzentristaren adibide on bat da, izan.

Denboran oso atzera egin nahi denean fosilak erabiltzen ditugu, eta labar artea, adibidez. Horietan oinarrituta eraiki dugu gizakiaren eboluzioaren kontakizuna. Izan ere, aurkitutako arrastoak interpretatuz eraiki dute Historiaurrea, eta interpretazio hori gizonek egin dute nagusiki. "Eboluzioa genero-ikuspegitik" erakusketak buelta bat eman nahi dio horri, eta emakumeak ikusgai jarri ditu. Erakusketa ibiltari hori CENIEH-rena da, eta UPV/EHUk Bilbora ekarri zuen. Aukera aprobetxatuz, eboluzioaren genero-ikuspegiari buruz gogoeta egitera gonbidatu ditugu hainbat aditu. 

"Teknopolis" larunbat honetan izango da ikusgai 13:30ean, ETB1en, eta igandean, ordu berean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en ere ikusgai izango dira.