Itxi

Bigarrenak

Bigarrenak

Bigarrenak

Haragi bolak pizza zaporeko saltsan
Haragi bolak pizza zaporeko saltsan
Osagaiak
  • Udare tomate ertainak, 6
  • Barrengorriak, 250 g
  • Oilasko papar xehatua, 400 g
  • Mozzarela gazta, 80 g
  • Tipula bat
  • Baratxuri bat
  • Oliba olioa
  • Gatza
  • Albaka xehatua, koilarakada bat
Prestaketa

Hasteko, tipula eta baratxuria zuritu eta zatitu egingo ditugu. Jarraian, eltze batean oliba olio zorrotada bat su ertainean berotzen jarri, eta tipula eta baratxuria bertan erregosiko ditugu. Erregosten direnean, ontzi batean udare tomateak eta erregosi berri ditugun barazkiak birrinduko ditugu. Guztia ongi birrintzen denean, berriro eltzera pasatu, gatza gehitu eta su txikian 20 minutuz erregosten utziko dugu, tapa batekin estalita. Eltzeari ez itsasteko, egurrezko koilara batekin maiz eman bueltak. 

Segidan, haragi-bolak egiteari ekingo diogu. Horretarako, alde batetatik mozzarela zati txikitan moztuko dugu, eta bestetik, haragi xehatuari gatza eta albakaren erdia gehituko dizkiogu. Haragi xehatua ongi nahastuko dugu, dena ongi integratu arte eta jarraian, haragi zati bat hartu, zapaldu eta erdian mozzarela jarriko diogu. Segidan mozzarela haragiarekin ongi bildu eta bola forma emango diogu. Haragia bukatu arte prozedura berarekin jarraituko dugu.

Haragi bola guztiak eginak ditugunean eta tomate-saltsa egiten 20 minutu igaro direnean, aparte utzia genuen albaka botako dugu saltsara eta ongi nahasi ondoren, haragi bolak jarriko ditugu tomatetan banan-banan, kontu handiarekin.

Jarraian, eltzeari kirtenetatik heldu, eta mugimendu zirkularrak eginez eragingo diogu, haragi-bolak hauskorrak baitira eta ez da komeni koilararekin edo sardexkarekin bueltak ematea. Buelta batzuk eman ostean, eltzea taparekin estali eta 10 minutuz utziko dugu su txikian egosten, noizbehinka kirtenetatik eraginez.

Bien bitarte horretan barrengorriak xaflatan moztuko ditugu eta 10 minutu igaro ostean, barrengorriak gehituko ditugu eltzera.

Beste 10 minutuz taparekin egosten utzi, eta jateko moduan daude gure haragi-bola zoragarriak, pizza zaporeko saltsarekin.