Itxi

lehenengoak

lehenengoak

Lehenengoak

Askotariko udaberriko biribilkiak
Askotariko udaberriko biribilkiak
Osagaiak
  • Arroz olatak
  • Ekilore olioa frijitzeko
  • Lehen betegarria
  • Tipulin bat
  • Porru bat
  • Azenario bat
  • Kuiatxo erdi bat
  • Perretxikoak 50g
  • Tomate heldu txiki bat
  • Soja ernamuinak 50g
  • Banbu kimuak 30g
  • Sesamo olioa, koilarakada bat
  • Behi gazta xamurra 150g
  • Urdaiazpikoa 100g
  • Bigarren betegarria
  • Arto almidoia koilarakada txiki bat
  • Xerez ardoa koilarakada txiki bat
  • Soja-saltsa koilarakada txiki bat
  • Azukrea, koilarakada txiki erdi bat
  • Aza 125g
  • Tipulin erdi bat
  • Barrengorriak 40g
  • Otarrainxkak 150g (garbian)
  • Jengibre fresko pixka bat
  • Soja ernamuinak 40g
  • Banbu kimuak 40g
  • Hirugarren betekaria
  • BESTE BI ERREZETETAN ERABILITAKO BARAZKIAK
  • Saltsa gazi-gozoa
  • Soja-saltsa 75g
  • Laranja-zukua 100g
  • Laranja-marmelada 2 koilarakada
  • Eztia koilarakada bat
  • Soja-saltsa egiteko
  • Soja-saltsa 100g
  • 3 Koilarakada:
  • Eztia
  • Xerez ozpina
Prestaketa

Lehen betegarria egiteko, tipulina, azenarioa, porrua, kuiatxo erdia eta perretxikoak makilatxo finetan moztuko ditugu. Jarraian, wok bat hartu eta su bizian jarriko dugu olio tanta batekin. Lehenbizi, tipulina botako dugu wokera, jarraian azenarioa eta porrua, gero kuiatxoa, perretxikoak, gero soja eta banbu ernamuinak eta bukatzeko tomatea txiki-txiki moztuta gehituko diogu guztiari. Sua jaitsi eta barazkiak erdi eginda daudenean, sesamo olioa gehitu eta sutatik aterako dugu.

Betegarria epeldu zaigunean, arroz olatak ur berotan 5 segundoz beratu eta jarraian barazki batzuekin, behi gazta makilatxo batekin eta urdaiazpiko zati batekin betetzen joango gara. Barazki betegarri pixka bat geroko gorde eta lortutako biribilkiak ere bai.

Bigarren betegarria egiteko, lehen 4 osagaiak nahasi eta gorde gerorako. Wok zartagina sutan jarri olio koilarakada batekin eta bertara gehitu aza, tipulina eta barrengorriak fin-fin moztuta. Minutu  batez su bizian izan ondoren, ernamuinak gehitu eta beste 30 segundoz eragin ondoren,  plater batetara pasako ditugu eta barazki hauetako batzuk lehenengo betegarritik gorde ditugunekin batuko ditugu.

Jarri berriro woka sutan beste olio koilarakada batekin eta beroa dagoenean, otarrainxkak txikitu eta jengibre birrinduarekin batera bertara botako ditugu. 30 segundoz sutan izan ondoren, lehen 4 osagaien nahasketa gehitu eta irakinaldi bat ematen duenean, sutatik atera eta platerean izango ditugun barazkiekin nahasi. Epeldu ondoren, hauekin ere arroz olatekin biribilki beteak egingo ditugu.

Bi betegarrien barazkiekin beste olata batzuk beteko ditugu.

Saltsak egiteko, saltsa gazi-gozoko osagaia guztiak lapiko batean nahasi, sutan jarri eta nahi dugun testura lortzen dugunean, katilu batetara pasa eta gorde. Soja-saltsa egiteko, osagai guztiak katilu batean ondo nahasi eta gorde gerorako.

Jarri lapiko bat ekilore olioz beteta sutan eta beroa dagoenean, bertan frijitu gure biribilkiak. Eginda daudenean, sukaldeko paperarekin izango dugun plater batetara pasa eta gero zerbitzatu saltsekin lagunduta.

On egin!